Eduki publikatzailea

Pasaiako euskaltegiek zabalik dute matrikulatzeko epea

2020/2021 ikasturterako izen-ematea irekia dute Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiak eta Trintxerpeko Udal euskaltegiak. Pasaitarrak euskara bere egin dezaten, euskaragile izan daitezen animatu nahi ditugu aurten ere, eta horretarako, euskara ikastea pausu garrantzitsua da: lana topatzeko, bezeroei kalitatea handiagoko zerbitzua eskaintzeko, euskarazko titulu ofizial bat lortzeko, euskal kultura bete-betean gozatzeko, seme-alabekin eskolan ikasitakoa partekatzeko...

Euskaragile izaten laguntzeko, herriko bi euskaltegiek hainbat helburu eta beharretara egokitzen diren ikastaro espezifikoak eskaintzen dituzte, ordutegi malgu, metodologia berritzaile eta erakargarriekin. Aurreko ikasturteko emaitza onak horren erakusgarri dira. Pasaiako Udalak, gainera, laguntza ekonomiko garrantzitsuen bitartez lagunduko die euskaltegietako ikasleei. Herritar askorentzat, asistentziaren baldintza betez gero, doakoa izan daiteke euskara ikastea.

Gainera, egoera ekonomikoa euskaltegian izena emateko oztopo izan ez dadin, langabetuek, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen dutenek eta Giza Larrialdietarako Laguntza jasotzen dutenek matrikularen % 20 bakarrik ordaindu beharko dute ikasturte hasieran, eta  eskola-orduen % 85era baino gehiagora bertaratuz gero, Udalak kopuru hori ere itzuliko die ikasturte amaieran.

Ikastaroei dagokienez, aurreko urteetako ikastaro berezien eskaintza mantenduko dugu: familiei bideratutako eskaintzak, mintzamena lantzeko ikastaroak, Pasaiako merkatarientzako, langabetuentzako ikastaro trinkoak, azken urteetan Pasaiara heldu berri direnentzako edota euskara online ikasi nahi dutenentzako. Ikastaro horiei buruzko informazio osoa etxez etxe banatuko diren liburuxketan aurkituko duzue. Aurten, gainera, eskerrak eman nahi dizkiegu Pasaiako euskaltegietako ikasleei, haiek izan baitira protagonista liburuxkako argazkietan. Eta, nola ez, Udalaren webgunean ere zintzilikatua egongo da informazio guztia: www.pasaia.eus

Ikastaro berezi horietaz gain, euskaltegiek ohiko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute urritik ekainera, 07:00etatik 21:00ak arteko ordutegi zabalean. Ikastaro guztiak 16 urtetik gorakoentzat dira. 2 orduko eskolak izaten dira astelehenetik ostegunera. Hala ere, ikasleen eskaeren eta beharren arabera, talde eta formula desberdinak antolatu ahal izango dira. Aurten, gainera, COVID-19aren aurkako segurtasun neurri guztiak hartuko dira egoera berri honetara egokitzeko.

Hori dela eta, euskara ikasteko interesa duten guztiei Trintxepeko Udal euskaltegira (Euskadi etorbidea, 61. Tel.: 943004340 euskal@pasaia.net) edota Pasai Antxoko Txirrita euskaltegira (Zumalakarregi, 9. Tel.: 943525545 pasaia@aek.org) gerturatzeko deia egiten diegu, bertan informazioa eskuratu eta izena emateko. Herriko euskaltegietan norberari hobekien egokitzen zaion ikastaroa hautatzeko laguntza izango dute herritarrek. Pasaiako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan ere aurretiko izen-ematea egin daiteke.

Beraz, Udalak eta euskaltegiek eskainitako laguntzak baliatzera animatzen ditugu herritarrak, eta euskaltegietara gerturatzeko gonbidapena egiten diegu. Badakizue ¡Hazlo tuyo!

 

2020-21 ikasturteko liburuxka

PDF (2 Mb)