Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/09/16
Etxebizitzaren erronkari erantzun irmoa emateko plan ausarta aurkeztu du Pasaiak
Alkateak eta Etxebizitza zinegotziak aurkeztu dute ekintza-plana
Irailaren 16an aurkeztu dute Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkateak eta Iraitz Pazos Lapido Etxebizitzako zinegotziak herria tentsionatutako eremu izendatzeko eta etxebizitzaren problematikari modu ausart eta eraginkorrean aurre egiteko Udalak prestatu duen ekintza-plana.
Plan hau ez da hutsetik sortu. Izan ere, Udalak lehenik eta behin Pasaiako etxebizitzen egoeraren diagnosi xehea egin zuen. Horren arabera, pasaitarrek etxebizitza ordaintzeko egin beharreko ahalegin ekonomikoak (alokairu-errenta eta hornidura gastuak) udalerriak tentsio eremu izendatzeko baldintza betetzen du, udalerriko familia batek, batez beste, bere diru sarreren % 35,9 bideratzen duelako etxebizitza gastuetara (irizpideak % 30 gainditzea eskatzen du). Esfortzu mailak barruti guztietan gainditzen du %30eko langa.
Horrez gain, erosketarako etxebizitza eskaintza gero eta urriagoa da, eta hutsik dauden etxe askok ez dute erabilerarik. Gainera, Pasaia oso “bukatutako” udalerria da, lurzoru eraikigarri librerik apenas baitu, beraz helburua izan beharko da dagoeneko eraikita dagoena mobilizatzea, jabetza publikoa lehenetsiz.
Horri gehitu behar zaizkio kolektibo ahulenen (gazteak, adinekoak edo errenta txikiko familiak) egoera bereziki zailak eta etxebizitza duin eta eskuragarria aurkitzeko ezintasun gero eta handiagoa. Testuinguru horrek agerian uzten du izendapena eta ekintza-plan ausart bat abian jartzeko premia.
Teo Alberro Bilbao alkateak honela azaldu du: “Pasaiak ezin dio etxebizitzaren arazoari bizkar eman. Herritar askok zailtasun gero eta handiagoak dituzte alokairuari edo etxebizitza duin baten erosketari aurre egiteko. Horregatik, ezinbestekoa da gure udalerriak tentsionatutako eremuaren izendapena lortzea, neurri eraginkorrak martxan jarri ahal izateko. Plan honek bide-orri argia eskaintzen du, eta pasaitar guztien bizi-kalitatea hobetzea du helburu”.
Bestalde, Iraitz Pazos Lapido Etxebizitzako zinegotziak planaren zutabe nagusiak nabarmendu ditu: “Ekintza-plana lau ardatz estrategikotan antolatu dugu, bakoitza neurri praktikoekin eta helburu zehatzekin. Ez da dokumentu teorikoa, ekintza praktiko eta egingarriak jasotzen ditu, eta ibilbide-orri zehatz batekin aurkezten dugu, kronograma argi batekin”.
Ekintza-planaren ardatz nagusiak
1. ardatza: alokairu eskuragarria sustatzea
Ardatz honek xede du Pasaiako norbanako eta familiek alokairuagatiko prezio justua ordaintzeko estrategiak martxan jartzea. Horretarako, aurreikusitako estrategiak, besteak beste, honakoak dira: etxebizitza berriak eraikitzea orubeak Jaurlaritzari lagaz edo harekin batera lankidetzan; etxebizitza garapen berrietan adinen arteko nahasketa bilatzen duten etxebizitza tipologiak sustatzea; zuzkidurazko etxebizitzen sustapena; edota lehendik dauden eraikinen birgaitze integrala egitea, bizitegi-erabilerarako aukera berriak sortzeko.
2. ardatza: bizitegi eraikinen parkea eta hiri berroneratzea
Bigarren ardatzaren helburua da etxe eta auzoak berritzea, jasangarriagoak eta bizi-kalitate handiagokoak izan daitezen. Horretarako, honako estrategiak proposatu dira, kasu: eraikinen birgaitze energetikoak eta irisgarritasun obrak, auzo degradatuen berroneratzea eta eraikin publikoen erabilera berriak, edota dirulaguntza sistema bat diseinatzea egoera kaxkarrean dauden etxebizitzak zaharberritzeko.
3. ardatza: alokairurako prestazioen eta dirulaguntzen sistema
Ardatz honen helburua da pasaitarrei aholkularitza eta bide-laguntza ematea alokairuaren kostuari aurre egiteko. Horren barruan proposatutako estrategiek aurreikusten dute, adibidez, xede horretarako abian dauden dirulaguntza programen inguruko informazioa ematen eta jarraipena egiten jarraitzea Pasaiako Udaletik; edota Ondasun Higiezinen Zergaren murrizketak mantendu, eta handitu behar ote diren hausnartzea.
4. ardatza: gobernantza eta erakundeen koordinazioa
Azken ardatzak bilatzen du Udalak, herritarrek eta bestelako erakundeek elkarlanean jardutea eta erabakiak gardentasunez hartzea. Hori lortzeko, lau estrategia proposatu dira: estrategia zuzentzailea (etxebizitza hutsen gaineko kanona aplikatuz edota Ondasun Higiezinen gaineko Zergan gainkarga ezarriz etxebizitza hutsei); estrategia interbentzionista (garapen urbanistikoaren diseinuak udal interes eta printzipioak betetzen dituela bermatzea); estrategia erregulatzailea (etxebizitza turistikoen kontrolarekin segitzea, eta HAPOan horiek debekatzea); eta estrategia optimizatzailea (eraikita dauden eraikinen erabilera trinkoagoa egitea espazio berean bizileku gehiago sor daitezen, etxebizitzak trukatzea, adinekoentzako bizitoki alternatibak aztertzea eta libratu daitezkeen etxeak gazteen emantzipaziorako bideratzea, edo negozioak kale mailara jaistea).
Konpromiso politikoaren premia
Teo Alberro alkateak azpimarratu duenez, "aurkeztu ditugun neurriak oso garrantzitsuak dira eta aurrerapauso handia dakarte dute gure herritarrentzat. Hala ere, ezin dugu ahaztu ezinbestekoa dela bai Aldundian bai Espainiako Gobernuan ardura dutenek Etxebizitzen Alokairu Prezioen Erreferentzia Indizea premiaz zehaztu eta eguneratzea. Sistema horrek markatzen du zein den alokairuen prezio erreferentziala udalerri bakoitzean, eta horren arabera bakarrik ezar daitezke mugak bizitegi-merkatu tentsionatutzat jotako eremuetan. Indize hori ezarrita eta eguneratuta egon gabe, udalek ez daukagu aukerarik alokairuen prezioari benetako muga jartzeko. Horregatik, ezinbestekoa da indize hori lehenbailehen argitaratzea eta aplikagarria izatea gure udalerrian, pasaitarrek alokairu bidezko eta eskuragarria izan dezaten".
Ekintza-plana dagoeneko argitaratuta dago Pasaiako Udalaren webgunean (www.pasaia.eus), eta herritarrek bertan kontsulta dezakete aurreikusitako kronograma eta ekintza zehatzak. Udal Gobernuak irailaren 30eko plenora eramango du Pasaia tentsionatutako eremu izendatzeko eskaeraren onarpena, eta ondotik helaraziko dio eskakizuna Eusko Jaurlaritzari.







