Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/05/07
Pasaia etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko lehen urratsa egin du Udalak
Egoeraren diagnostikoa osatu eta aurkeztu du, eta ekintza-plana lantzen ari da

Etxebizitza Eskubideari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak bidea zabaldu du hainbat udalerri Tentsio Handiko Bizitegi Eremu (THBE) izendatzeko. Bertan zehazturiko baldintzak betetzen dituzten udalerriek THBE izendatzea eskatu ahalko dute, eta, izendapena lortuz gero, etxebizitza merkatuan eragiteko zenbait neurri hartu ahal izatea ekarriko die udal horiei.
Aipatu beharra dago 2023ko irailaren 26ko udalbatzarrean STOP Kaleratzeak taldearen mozioa eztabaidatu zutela udal ordezkari politikoek, (Pasaiako Udalak herria THBE izendatzeko eskaera aurkez zezan galdegiten zuena), eta testu hori onartua izan zen EH Bildu, Podemos eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 2023ko abenduan argitaratutako txostenaren arabera, THBE izendatua izateko baldintzak betetzen ditu Pasaiak (2025eko maiatzean txosten eguneratua aurkeztu da, eta horrek egoera are larriagoa dela islatzen du). Izendapena eskuratzeko prozedura formala abiatzeko, bi dokumentu aurkeztu behar zaizkio Jaurlaritzako Etxebizitza sailari: etxebizitzari buruzko diagnostiko bat eta hautemandako desorekak zuzentzeko inplementatuko diren neurri zehatzen ekintza plan bat.
Herriko diagnostikoa dagoeneko egin du Udalak, eta momentu honetan legeak eskatzen duen hiru urteko ekintza-plana garatzen ari da. Laburbilduz, datu demografikoek, sozioekonomikoek eta etxebizitzaren erabilera datuek aditzera ematen dute Pasaiako etxebizitza parkea azken urteetan presio handia jasaten ari dela. Etxebizitza eskaria oso handia da, bereziki alokairuari dagokionez.
Izendapenerako irizpideak
Udalerria THBE izendatzeko bi irizpide zehazten ditu legeak: Batetik, etxebizitza-prezioen hazkundea KPIaren hazkundea baino hiru puntu handiagoa izatea azken bost urteetan. Eta bestetik, etxebizitza-gastuek (hipoteka edo alokairua, eta oinarrizko gastuak) diru-sarreren %30 gainditzea.
Bi irizpideetako bat betetzea nahikoa da udalerri bat tentsio eremu izendatu ahal izateko, eta Pasaiak bigarrena betetzen duenez gero, tentsio eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituela zehazten du txostenak. Are, 2025eko txosten eguneratuak zehazten du Pasaia dela bigarren irizpide hori betetzen duen Gipuzkoako udalerri bakarra.
2021ean Pasaiako alokairu-errentaren batez besteko prezioa 700 eurokoa izan zen, urteko 8.400 euro inguruko gastua, alegia. Bestalde, urte berean etxebizitza baten oinarrizko hornidura gastuek (ura, elektrizitatea, gasa, telefonoa...) hilabetean 260 euroko kostua izan zuten, 3.110 euro urtean.
Horiek batuta, beraz, 2021 urtean alokairu-errenta eta hornidura gastuei aurre egiteko batez besteko urteko kostua 11.653 eurokoa izan zen Pasaian, familia-errenta erabilgarriaren ia %40, alegia. Gainera, nabarmendu behar da barruti guztietan familien esfortzu mailak %30a gainditzen duela: Antxo (%35), Donibane (%33), San Pedro (%34) eta Trintxerpe (%37).
Baldintza horrek, ordea, kasuistika orokor bat bakarrik aztertzen du, familia eredu tradizionalarena, eta denbora jakin batean. Emakumeak familia-errentaren hartzaile nagusiak diren kasuetan, esaterako, alokairu-errentara eta hornidura gastuetara bideratutako ahalegin ekonomikoa %42koa da, metodologian zehaztutako irizpidearen oso gainetik.
Era berean, irizpideak ez du aintzat hartzen ezinbestean bakarrik bizitzera behartuta dauden edo hautu hori egin duten pertsonen kasuistika. Kasu horietan, pertsona bakar batek bere diru sarreren %71 bideratu beharko luke etxebizitza gastuetara. Gainera, alokairuen azken urteetako igoerak egoera horiek are eta kritikoago bilakatu direla iradokitzen du.
Horiek horrela, “egoeraren larritasunaz jabetuta”, Pasaiako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailak abiatu ditu dagoeneko THBE deklarazioa eskatzeko prozedurak. Hala mintzatu da Iraitz Pazos, Etxebizitza zinegotzia: “Deklarazioaren helburua da maizterrak babestea eta alokairuko etxebizitzarako sarbide eskuragarria bermatzea Pasaian, eskaera handia eta eskaintza eskasia dagoenez gero”.
Dagoeneko, beraz, eskaera aurkezteko beharrezkoa den diagnostikoa eginda dago, eta ekintza-planarekin lanean ari da Pasaiako Udala. 2024ko azaroaren 7an Teo Alberro alkateak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasorekin izandako bileran, Pasaiako ordezkariak iragarri zuen uda baino lehen gainontzeko alderdiekin plana landu, adostu eta udalbatzak deklaraziorako eskaera egitea proposatuko zuela.