Eduki publikatzailea

Etxean ere Tipi-tapa

Konfinamendu egoeran jarduera fisikoa bultzatuz

COVID-19aren pandemiagatik salbuespeneko egoeran gaude, eta funtsezkoa gertatzen da osasun erakundeetatik emandako gomendioak jarraitzea. Horrek ez du esan nahi, ordea, ohiko jarduera fisikoa alde batera utzi behar dugunik, eta elikadura ona ere ez.

Hori esanda, Pasaiako Udaletik jarduera fisikoa bultzatzen ari gara Badia Aktiboa programaren bitartez, eta zuek hor partaide zarete Tipi-Tapa eta HelduFit ekimenarekin, besteak beste.

Alarma eta konfinamendu egoeran bagaude ere, Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailetik jarduera fisikoaren praktika bultzatzen ari gara gure herritarren etxeetatik bertatik.

Pasaiako erretiratuen elkarteek erakutsi duzue jarduera fisikoaren onuretan sinesten duzuela, zeren zuek antolatutako jardueren zutabe garrantzizko bat da. Jarduera guztiak ezeztatuak daude, baina ekimen baten partaide nahi zaituztegu, eta horregatik martxan jarri nahi dugun ekimen honen berri eman nahi dizuegu: Etxean ere Tipi-Tapa.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egunean 10.000 urrats egitea gomendatzen du; besteak beste, bihotz-biriketako sistema indartzeko eta horrela urteekin etortzen diren patologiak prebenitzeko. Egia bada ere, baldintza egokiak falta direla OMEk emandako gomendio hori betetzeko; hala eta guztiz ere, honako desafio hau proposatzen dizuegu:

ETXEAN ere Tipi-Tapa:

  • Barruti bakoitzeko Tipi-Tapa taldeak berraktibatu etxetik.
  • Barruti bakoitzeko Tipi-Tapa taldeetako koordinatzaileek deia egingo dute interesdunak ekimenera batu daitezen. Barruti bakoitzean berriz jarriko da abian eta jarduera etxean egiteari ekingo diogu.
  • Etxea presta dezagun ahalik eta metro erabilgarri gehien edukitzeko moduan. Komeni da kontuan izatea seguruak izan behar dutela, oztopo eta arriskurik gabekoak, erorikoak saihesteko. Esaterako, estropezu egiteko arriskua eduki dezaketen alfonbrak kendu, eta traba egin dezaketen oztopo edo eskailera-mailak ere bai.
  • Ekipamendua: kirol arropa eta oinetako egokiak jantziko ditugu.
  • Bakoitzak kontrol-zerrenda bat prestatuko du egunero egiten dituen urratsak apuntatzeko. Paseo hauek egunaren zati desberdinetan bana daitezke; pauso guztiak dira kontatu beharrekoak.
  • Astelehen bakoitzean jakinaraziko zaizkio pausoak ezarritako bidetik barruti bakoitzeko Tipi-Tapako koordinatzaileari.
  • Astero sailkapen bat egingo da barruti bakoitzean, eta hori kalkulatuko da pertsona eta emandako pausoen arabera.
  • Orain arte tipi-tapa taldeetan aritu ez den pertsonen bat batu nahi badu ekintza honetan, Kirol Orientazio zerbitzuko Xabirekin harremanetan jarri beharko da behar dituen argibideak jasotzeko eta martxan jartzeko.

Horretaz gain, elikadura onarekin zerikusia duten fitxa batzuk partekatuko ditugu, giltzarri direnak konfinamendu garai honetan.

Etxean egiteko 5 ariketa-eredu ere proposatuko dizkizuegu; eta, haiek orientatzailearekin egin beharko dituzue kasu bakoitzean doitzeko errepikapenak, kargak eta atseden denbora.

Era berean gogorarazten dizuegu Pasaiako orientazio fisikoaren zerbitzuak aktibo jarraitzen duela, zuen premiei telematikoki erantzuna emanez. Telefono honetara dei edo whatsapp bat idatzi dezakezue: 634 555 049, edota eposta bat idatzi helbide honetara: aktibatu@pasaia.net.