Eduki publikatzailea

Udaltzaingoaren adierazpena KAE eta ETE ligetako estropaden inguruan

Uztailaren 26an

Datorren igandean, uztailak 26, hiru traineru-estropada jokatuko dira Pasaiako badian, KAE eta ETE ligakoak.

Une hauetan egoera konplexua bizi dugu, Covid19aren agerraldi berriak direla-eta. Gipuzkoa eta Pasaia ez daude agerraldi horietatik salbu. Egoera horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 15ean Agindu bat eman zuen, ekainaren 18ko aginduko neurri batzuk aldatu eta indartzen dituena; era berean, Covid-19aren transmisioa ekiditeko prebentziozko katalogo bat argitaratu du. 

Kontuan izanik bi agiri horietan jasotako xedapenak, eta bereziki Osasun Sailaren gomendioetan jasotakoak, antolatzaileekin (Pasai Donibane Koxtape Arraun Elkartea eta Sanpedrotarra Arraun Elkartea) bilera egin ondoren, eta, batez ere, udalerritik kanpoko jende asko etor daitekeela ikusirik; erabaki da, derrigorrezko higiene- eta osasun-neurriak hartzeaz gain, neurri bereziak hartzea, kirol ekitaldi horretan ikusle-kopurua murrizteko, eta eremu eta leku txikietan jende-pilaketak saihesteko; arreta berezia jarriko da Donibaneko hirigune historikoan, eremu horren ezaugarriengatik.

Horretarako, parte-hartzen duten klubek beren zaleei ohartaraziko diete ez zaiela zaleei estropadak ikustera sartzen utziko; eta laguntzaileek klubaren agiri bat eraman beharko dute, euren laguntza ezinbestekoa dela egiaztatzen duena.

Udaltzaingoak neurri zorrotzak hartuko ditu, bai segurtasun-neurri horiek betetzen direla ziurtatzeko, eta bai bertakoak ez direnei Pasai San Pedro eta Donibanera sartzen ez uzteko, horretarako beharrezko kontrolak eta seinaleak jarriz. Komeni da neurri horien berri aldez aurretik ematea prentsan eta sare sozialetan, jendea jakinaren gainean egon dadin.

Ororen gainetik, erantzukizuna eskatzen dugu, gaixotasunaren hedapena saihesteko; eta eskerrak ematen dizkiegu antolatzaileei, Pasai Donibane Koxtape Arraun Elkarteari eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteari, erakutsi duten lankidetza eta ulermenagatik.

Iritsiko dira garai hobeak.

Pasaiako Udaltzaingoa