Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/19

Adinberri - Pasaiako XL ikurriña aurkeztu da

Emakumezkoen eta gizonezkoen estropadak ekainaren 22an izango dira Pasaiako badian

Ekainaren 22an, Sanpedrotarra arraun elkarteak, Donibane Koxtape arraun elkarteak eta ARCk antolatutako estropadak izango dira herrian, Adinberri eta Pasaiako Udalaren babesarekin.

Izan ere, gizonezkoetan Adinberri – Pasaiako XL ikurriña izango da jokoan Pasaiako badian. Emakumezkoak, ordea, Adinberri – Pasaiako XII ikurriñan lehiatuko dira.

Emakumezkoak itsasoratuko dira lehendabizi, beraien estropada, ETE ligakoa, 11:45ean hasiko baita. 3 luze eta 2 ziaboga egin beharko dituzte, erlojupeko modalitatean. 8 ontzi izango dira guztira:

- Camargo
- Deusto – Tecuni – Bilbao
- Hernani Mitxelena mekanizatuak
- Isuntza – Elecnor – Cikautxo
- Kaiku Red Eléctrica
- Ondarroa Cikautxo
- Portugalete
- Zarautz Gesalaga Okelan
- Pasai Donibane Koxtape

Estropada amaitu ostean uretan bertan emango zaie bandera txapeldunei.

Ondoren, ARC ligako gizonezkoen txanda izango da, 12:35ean.

6 luze eta 5 ziaboga egin beharko dituzte, erlojupeko modalitatean. 12 ontzi izango dira guztira eta 3 txandatan irtengo dira:

- Arkote Occident
- S.D. Remo Astillero
- Club de remo Valle de Camargo
- S.D.R. Castreña
- Deusto – Bilbao
- Orsa Hondarribia
- Itsasoko Ama – Viuda de Sainz
- Lapurdi – Antton Bilbao
- S.D. de remo Pedreña
- Zarautz Gesalaga Okelan
- Sukia Zumaia
- Sanpedrotarra Arraun Elkartea

Julen Rodriguez Kiroleko zinegotziaren hitzetan “pozgarria da guretzat beste urte batez Pasaiako badia arraunaren topaleku bihurtzea. Arrauna gure herriaren parte da, eta horrelako estropadek aukera ematen digute balio horiek ospatzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko.

Aurten ere, emakumezkoen eta gizonezkoen estropadek maila handia erakutsiko dute, eta ziur gaude hurbiltzen diren zaleek gozatu egingo dutela. Herritarrak animatu nahi ditut badia bazterrera hurbiltzera eta giro ederraz gozatzera; ahal dela, garraio publikoa lehenetsiz Pasaiara hurbiltzeko.

Arraunlariei zorte ona opa diet, eta eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiet antolatzaileei, elkarteei eta babesleei lan bikainagatik.”

Rakel San Sebastian Adinberri Fundazioko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "Adinberrirentzat, zahartze berritzaile eta osasungarriarekin konprometitutako fundazio publikoa den aldetik, ohore bat da arraun-lehiaketa honetan parte hartzea, tokiko kulturan sakon errotutako kirola baita. Pasaian eraikitzen ari gara gure erreferentziazko zentroa, eta azken urteotan egiten ari garen bezala, hainbat proiektu eta programaren bidez, ingurunearekin harremanak izaten jarraitu nahi dugu eta komunitatea egiten lagundu. Konpromiso sendoa dugu ongizate integral kolektiboarekin, tokiko dinamismoarekin eta belaunaldiak, talentuak eta tradizioak lotzen dituzten jarduerak bultzatzearekin. Arrauna, zalantzarik gabe, Adinberrirentzat funtsezkoak diren balioak sustatzen dituen kirola da, hala nola lankidetza, bizitza aktiboa edo komunitatea. Horregatik, iaz hasitako laguntzari jarraipena eman nahi diogu, eta, horrela, Pasaiarekin eraiki nahi dugun lotura erakutsi ".

Aldaketak trafikoan

Estropaden ondorioz, trafikoan aldaketak izango dira herrian. Antolakuntzarako gunea, San Pedroko kofradiatik zahar egoitzara bitartean dagoen kantileko eremuan ezarriko dute. Hori dela eta, bertan ibilgailua dutenek ekainaren 22ko (igandea) 07:00etarako kendu beharko dute eta ezingo da bertan aparkatu ekainaren 21eko 21:00etatik aurrera.

Bizilagunek hospitalilloko parkinean, lonja eta portuko langa artean dagoen eremuan, aparkatzeko aukera izango dute ekainaren 21eko 20:00etatik aurrera. (Ekainaren 21ean beteranoen estropada izango denez, eremu hori ezingo da erabili 20:00etatik arte).

Donibanen, ordea, arraun klubaren eta kantilaren artean dagoen eremuak ekainaren 22ko 07:00etarako ibilgailurik gabe egon beharko du.

Argazkian: 

Josean Giron (Donibane Koxtape), Julen Rodriguez (Kirol zinegotzia), Raquel San Sebastian (Adinberriko zuzendaria), Teo Alberro (Pasaiako alkatea) eta Irune Bereau (Sanpedrotarra).