Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/05/19

Haur eta nerabeen eskubidean planaren barruan, Pasaia garbituko dugu auzolanean!

Maiatzaren 23an

Pasaiako haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko planaren helburuetako bat da Pasaiako herrian haurren eta nerabeen partaidetza bultzatzea. Adingabeak subjektu politiko bihurtu, Pasaiaren garapenean txertatu eta herrirako dituzten proposamen eta iritziak aintzat hartzen dira.

Bide horretan, Pasaiako haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko hainbat elkargune ditugu Karmengo Ama, Pasaia Lezo lizeoa eta Anunciata ikastetxeetan. Gune horietan 140 haur eta nerabe inguruk parte hartzen dute. Horri esker, haiek proposatutako gai ezberdin asko lantzeko aukera izan dugu, tartean ingurumenarena.

Oraingoan, ingurmenaren zaintzaz eta garbitasunaz kontzientzia hartzeko ekimena antolatu dute partaideek iganderako.

Aurretik, sentsibilizazio kanpaina bat egin dute, pasaitarrak ingurua garbi mantentzearen garrantziaz jabetzeko. Horretarako, kartelak diseinatu eta hainbat tokitan zabaldu dituzte. Kanpainarekin amaitzeko, auzolanean egingo den herri garbiketa eguna antolatu dute. 

MAIATZAREN 23an, igandea, izango da Trintxerpen eta Antxon. 11:00etan elkartzeko deia egin dute, Antxoko Zumardian, eta Trintxerpeko Gudarien plazan. 

Antxon, jolasak antolatu dituzte Kuadrillategiko gazteekin elkarlanean eta ondoren, 12:00etan barrutiaren garbiketari ekingo diote. Trintxerpen ere jolasak izango dira 11:00etan eta jarraian ingurua garbituko dute.

Herritarrei parte hartzeko deia egin diete Pasaiako gazteek.