Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/07/15

Haur eta nerabeen parte-hartzearekin Pasaia eraldatzen jarraitzen du Udalak

Ekitaldi ugarirekin ari dira amaiera ematen ikasturteari

Pasaiako haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko herriko ikastetxeetan dauden elkarguneetan hainbat gai proposatu eta landu dituzte gaztetxoek urtean zehar.

Udal politika publikoak herritarren beharretatik eta nahietatik abiatuta eraiki behar dira, eta horren baitan, ezinbestekoa da haur eta nerabeen ikuspegia kontuan hartzea. Haien ekarpenak ezinbestekoak dira gure udalerriaren oraina eta etorkizuna diseinatzeko eta, horregatik, Pasaiako Udalean irmoki sinesten dugu haien ahotsa entzutea ez dela jarduera osagarri bat, baizik eta gure gobernu jardunaren oinarrian dagoen erpinetako bat”, mintzatu da Teo Alberro Bilbao alkatea.

Ikasturte amaierarekin batera, gai horietako batzuen bueltan zenbait ekintza egin dira.

  • Lizeoko 5. eta 6. mailako gaztetxoek herriko jolas-guneen inguruko azterketa egin dute. DBHko taldeek, berriz, San Pedro eta Donibaneko barrutiak garbitzeko auzolan egunak antolatzeaz gain, euren adinekoei zuzendutako zenbait ekintza eraman dituzte aurrera, hala nola, skate tailerra Antxon, multiabentura ekintza San Pedron eta olinpiadak Donibaneko Meipiko jaietan. Orain, Santiago jaiei begira, kukañaren antolaketarekin dabiltza buru-belarri.
  • Karmengo Ama ikastetxean, berriz, LHko taldekoek belaunaldien arteko harremanak sustatzeko interesa adierazi zuten. Adinkide elkartea ezagutu eta beraiekin elkarlanean aitona-amonekin tailerrak egiteko 3 saio burutu zituzten. DBHko taldeak, Pasaiaren kultur aniztasuna herriaren indargune/aberastasuna dela sinetsita, aniztasun hori aldarrikatzeko murala margotu du ikastetxe atarian.
  • Azkenik, La Anunciata ikastetxeko LHko taldeak Biteri plazan hainbat hobekuntza eta konponketa egitea proposatu zuten. Udaleko Zerbitzu Saileko langileekin elkarlanean, auzolan egun bat antolatu zuten ekainean. DBHko partaideek, berriz, euren adinekoei zuzendutako udal zerbitzuak gertutik ezagutu zituzten.

Eskubidean planaren bidez, Pasaiako haur eta gazteak euren haurtzaroa eta gaztaroa eraikitzen ari dira, euren eskubideen jabe egiten, ahalduntzen eta gaitasunak hartzen.

Parte-hartze prozesu hauen bidez, egunez egun erakusten dute gazteek gaitasuna eta gogoa dutela gure herria hobetzeko, eta Udalaren ardura da haiei tresnak, espazioak eta aitortza eskaintzea. Eskubidean planaren bitartez, haur eta nerabeekin eraikitzen dugun Pasaia, inklusiboagoa, hezitzaileagoa eta kohesionatuagoa izango da”, amaitu du Alberrok.

Eskubidean 2024-205