Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/01/27

Haurren eta nerabeen parte-hartzea dela-eta, ikasturte honetan lehen pausoak egin dira

Eskubidean” planaren baitan, haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko asmo osoarekin ikasturte honetan ere lehen pausoak egiten hasi gara. Pasaiako hiru ikastetxeetan, alegia, Karmengo Ama ikastetxean, La Anunciata ikastetxean eta Pasaia-Lezo lizeoan umeen eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko eta gauzatzeko lan saioak egiten hasi ginen 2021eko urrian. Udalerriko Lehen Hezkuntzako eta DBHko taldeetako neska-mutilak aritu dira parte hartzen, eta aurrerantzean, gutxienez, 9 aldiz bilduko gara ikasturtean zehar.

Urritik abendura bitartean egindako lehen saio horiek helburu bikoitza izan dute: batetik, haur eta nerabeek “Eskubidean” proiektua ezagutzea eta udal-teknikariek elkar ezagutzea; eta, bestetik, haiekin elkarrizketaldia izatea eta iritziak trukatzea. Proposamenak egin dituzte, besteak beste, herrian hobetzekoak, edo ikasturte honetan gauzatzeko ekimenak edo haien interesekoak diren hainbat gairi buruzkoak, hala nola: auzoa hobetzekoak, parkeak hobetzekoak, kirol-jarduera berriak, jaietan parte-hartzekoak eta mugikortasun, espazio publiko, aisialdi, kutsadura eta ingurumenari dagozkionak. Lanerako lehenengo  saioak martxan jarri zirenean, adingabeek euren beharrak eta nahiak elkarri entzun ondoren, aztertzeko eta kolektiboan hausnartzeko parada izan zuten.

Elkarguneak

Elkarguneetan haurren eta nerabeen parte-hartzea ardatz hartuta, adingabeak erdigunean jarriz eta haien nahietatik abiatuta, gustuko proposamenak sustatu nahi dira. Udalak bultzatuta, komunitatetik eta komunitatearekin lan egiteko proiektua da, eta udalerriko beste eragile batzuekin batera, barrutietan lankidetzan aritzeko. Ea aurten zer-nolako lana egiten dugun guztiok elkarrekin!