Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/12/29

Emakume eskorgarien muralaren bandalizazio matxista gaitzesteko adierazpena

Azken egunetan agertutako pintaketen aurrean, adierazpen instituzionala kaleratu du Udalak

Pasaiako Udalean ordezkaritza dugun alderdiok, irmoki eta aho batez gaitzetsi nahi dugu Trintxerpen Pasaiako Udal Euskaltegiaren parean kokatuta dagoen emakume eskorgarien muralari egindako erasoa.

Pasaiako Berdintasun Mahaiak 2025eko urtarrilaren 24an auzolanean margotu eta inauguratutako muralaren diseinua Berexiart artistarena da, eta mezu garrantzitsua du atzean: portuetako emakume langileen memoria berreskuratzea, historian zehar egindako lan ikusezin eta funtsezkoari aitortza egitea, eta gizartean gutxietsita egon diren lan feminizatuak duintzea.

Azken egunotan mural horri mezu matxista eta kezkagarriekin eraso egin diote. Mezu horiek, gainera, ez dira inola ere adierazpen inozenteak: indarkeria matxistaren benetakotasuna zalantzan jartzen duten diskurtso arriskutsuen parte dira, biktimen hitza mespretxatzen dute, erasotzaileak zuritu edo justifikatzen dituzte, eta gure herriko emakumeen aurkako beldurra, isiltasuna eta deslegitimazioa elikatzen dituzte.

Halako diskurtsoak indarkeria matxistaren aurkako borrokarako oztopo zuzena dira, eta egiturazko diskriminazioaren markoak indartzen dituzte.

Horregatik guztiagatik, Pasaiako udal alderdiok honako hau adierazi nahi du:

  • Erasoa irmo gaitzesten dugu, bai muralari egindakoa, bai pintaketen bidez zabaldu den mezu matxista eta arriskutsua ere.
  • Ez dugu onartuko indarkeria matxista ukatzen, gutxiesten edo zalantzan jartzen duen diskurtsorik, eta horien aurrean tinko agertuko da Udal hau.
  • Berdintasunaren aldeko lana egiten eta espazio publikoan emakumeen presentzia defendatzen jarraituko dugu, udalerriko erakunde, elkarte eta herritarrekin elkarlanean.
  • Pasaiako Berdintasun Mahaiak egiten duen lana goraipatzen dugu, eta herritarrei dei egiten diegu mota honetako gertakarien aurrean adi egotera, eta gizarte parekide eta seguru baten aldeko konpromiso aktiboa mantentzera.
  • Murala konpontzeko eta mezuok desagerrarazteko neurriak hartuko ditugu.

Fisikoak, ahozkoak ala sinbolikoak izan, Pasaian ez dute lekurik eraso matxistek.