Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/11/06
2024-2025 ikasturteko Oarsoaldeko Eskola Kiroleko programa aurkeztu dute
Eskualdeko ikasleen erdiak baino gehiagok egingo du eskola kirola aurten ere, 8 eta 12 urte arteko 1.333 ikaslek
2024-25 ikasturteko Oarsoaldeko Eskola Kirola programaren aurkezpena Oiartzunen egin da eta bertan Edorta Fernandez Oiartzungo kirol zinegotziak, Eneritz Arruti Lezoko kirol zinegotziak, Leire Mazizior Errenteriako kirol zinegotziak eta Julen Rodríguez Pasaiako kirol zinegotziak hartu dute parte.
Urteetan zehar, eskualdeko udalek eta ikastetxeek eskola kiroleko egituraketa indartsu bat garatu dute, ikastetxe guztien arteko lankidetza komunitarioko eskualdeko programa bat bereizgarri nagusi duena.
Kirol aniztasun eta kirol hastapen balioetan oinarrituz, gaztetxoek hainbat kirol ezagutzeko aukera izan dezaten errazten duen eskola kirola programak handitzen jarraitzen du. Datuetan oinarrituz, Leire Mazizior Errenteriako zinegotziak bilakaera hori nabarmendu du: “Aurten ere eskualdeko eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio”.
- Oarsoaldeko ikasleen erdiak baino gehiagok, %53k, egingo du eskola kirola aurten, 8 eta 12 urte arteko 1.333 ikaslek.
- Guztira 129 talde daude: 65 Errenterian, 32 Pasaian, 11 Lezon eta 21 Oiartzunen.
- 70 entrenatzaile arduratzen dira 129 talde horien saioak gidatzeaz, 27 emakumezko eta 43 gizonezko.
- Nesken parte-hartzea gorantz doa urtez urte. Parte hartzaileen %36 neskak dira.
- Eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun urteotan egin den lanari esker.
Eskualdeko elkarteekin egiten den elkarlana nabarmendu dute, batez ere, haien partetik jarduera bereziak antolatzeko jasotzen duten laguntza, ezagutza, instalakuntza eta material aldetik. “Euren laguntza ezinbestekoa dugu haurrek kirol ezberdinak ezagutu eta proba ditzaten”, adierazi du Eneritz Arruti Lezoko kirol zinegotziak.
Eskola Kirol Egokituko programa (EKE)
Aurten, iaz abiatutako bideari jarraituz, Oarsoaldeko Eskola Kirolak Mindara elkartearekin batera, Eskola Kirol Egokituko programa (EKE) jarri du martxan.
Azken urteotan, GFAko Desgaitasunaren Arreta Ereduaren garapenaren ildotik, Eskola Kirol Inklusiboko (EKI Estrategia) esku-hartzeak gauzatu dira. Horri esker, eskola kiroleko eskaintzan desgaitasuna duten ikasleen integrazioa eta inklusioa sustatu da.
Lehen saiakera haurra bere berezko taldean txertatzea bada ere, haurraren ezaugarriengatik hori ezinezkoa den kasuetan, eskola kirolak aukera bat eskaini nahi die. Hutsune hori betetzeko asmoz garatu da Eskola Kirol Egokituko programa (EKE).
Programaren ezaugarriak
Eskola Kirolean parte hartzen duten haur guztiak bezala, programa honetan parte hartu nahi duten familiek ere, ikastetxearen bidez egingo dute izen-ematea. EKE taldeek astean bi saio izango dituzte, bata aretoan eta bigarrena uretan. Saio horiek Mindara Elkarteko begiraleek zuzenduko dituzte, beraien esperientzia eta ezagutza ezinbestekoak baitira programa aurrera eramateko orduan.
Astean zeharreko saioez gain, ikasturtean zehar Eskola Kiroleko larunbateko hainbat jardueretan parte hartzeko aukera ere izango dute. Parte-hartze hauetan, euren ikastetxeko gainontzeko haurrekin parte-hartzea bilatuko da, jarduera desberdin baina seguru batez gozatzen duen bitartean.
EKE programa 2023/2024 ikasturtean jarri zen martxan GFA, udal, ikastetxe eta Mindara elkartearen elkarlanarekin. Gero eta familia gehiagok Eskola Kirola guztientzako eremua dela ulertzeko beste pauso bat izatea espero da.