Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/09/02

Laster hasiko dira Eskalantegi 45eko lokaleko obrak

Azokako elkarte eta jarduerak hartuko ditu

Udalak Visesari erosi zion Eskalantegi 45eko lokala, Azoka eraikinean kokatuta zeuden erabilera eta jarduera gehienak bertara lekualdatzeko, eta obrak datozen egunetan hasiko dira. Lokala berritzeko eta egokitzeko obren aurrekontua 506.901 €-koa da.

Lokal berriak 394,75 m2-ko azalera du eta Pasaiako elkarteek Azokan egiten zituzten jarduera gehienei erantzuna emateko ekipamenduak jarriko dira bertan. Hasiera batean, kokaleku hori behin-behinekoa da, Luzuriagako bulegoen eraikinean gizarte- eta kultura-zentroa abian jarri arte. Izan ere, Pasaiako Udalak partaidetza-prozesu bat du abian, bertako erabilerak eta edukiak definitzeko.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak azpimarratu du lokal berri hori garrantzitsua dela topoa lurperatu ondoren Antxoko barrutian definituko den errealitate berrirako trantsizioan, lokal berriak Azokako jardueren jarraipena bermatzen baitu, Antxoko kulturan funtsezkoak direnak, eta etorkizunean Luzuriagan kokatuko direnak.

Egokitze-lanen bidez, bi espazio independente sortuko dira, aurreikusitako jarduerak behar bezala garatuko direla bermatzeko beharrezkoak diren instalazio guztiekin:

  • Ludoteka: guztira 171,15 m2 izango ditu, eta eremu hauek izango ditu: gune ireki bat, egongela bat, bulego bat eta komun bat. Espazio horren sarbide nagusia Molinao parketik izango da.
  • Elkarteak: 189,15 m2 erabilgarritan hiru gela Pasaia Musikalen jardueretarako, erabilera anitzeko gela, korridore bat, gela guztietarako sarbideak izango dituena, eta komun bat. Gune horietarako sarbidea Eskalantegi kaletik egingo da, arkupeetatik.

Behin berrikuntza-lanak egin ondoren, aurreikusita dago ekipamendu berriak honako elkarte hauen jarduerak hartzea: Lagun Artea (gimnasia), Alkartasuna Dantza Taldea (helduak eta haurrak), Alkarkide Txaranga, Alkarkide Dantzari Ohiak. Erabilera horiek bateragarri egiteko, egutegi bat egin da elkarte guztiekin, lehen Azokan zeuzkaten ordutegiak kontuan izanik.