Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/02/28
330 m³ banbu kendu dira Donibaneko Arrarte errekastoko eremu batean
Erroteta errota zaharraren ondoan egin da jarduera, Udalak URA Agentziarekin ibai-arroak mantentzeko sinatutako lankidetza-protokoloaren baitan.
Udalak eta URA Agentziak Pasaiako udalerrian jabari publiko hidraulikoan diren ibai-ibilgu eta ertzetan elkarlanean aritzeko lankidetza protokoloa sinatu dute. Horren baitan 330 m³ banbu kendu ditu URA Agentziak Donibaneko Arrarte errekastoko 1.500 m²-ko eremu batean eta bertatik ateratako Hiri Hondakin Solido (HHS) bolumen handia Pasaiako Udalak kudeatu du.
Jardueraren helburua izan da, besteak beste, banbuak (Phyllostachys sp.) eta krokosmia espezie inbaditzaileak kentzea, horiek bere egin baitzuten landaredi-eremu zabala. Erretiratutako landare inbaditzaileen sustraiei dagokien kudeaketa eman zaie, berriro hazi ez daitezen. Landareen aireko zatia, berriz, gertuko Udalaren lursail batean bildu da, gero lehortzen utzi eta birrintzeko, Udalak egiten dituen lanetan erabili ahal izateko.
Era berean, landaredia erretiratzeko erabilitako hondeamakina probestuz, errekastoan pilatutako hondakin kopuru handia erretiratu da, eta horiek Udalak kudeatu ditu.
URA Agentziak gauzatutako lanek hilabete eta erdi iraun dute, eta 35.517,57 €-ko aurrekontua izan dute.
Iraitz Pazos Ingurumen zinegotziaren arabera, “URArekin sinatutako lankidetza-protokoloak bide berria ireki du Pasaiako errekastoak txukundu eta berreskuratzeko. Xede nagusia da gizakiok sortutako kalteak irauli eta espazio naturalak ondo kontserbatu eta berreskuratzea.” Gainera, azaldu du datozen asteotan txukundutako espazioan zuhaixkak ereingo direla, eta erriberako espezieekin landaketa berri bat planifikatu dela. “Lankidetza honi esker, aurrerantzean, gune hori herritarren gozamenerako naturagunea izango da”, amaitu du.
GARBITU AURRETIK
GARBITU BITARTEAN
GARBITU ONDOREN
a