Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/01
Erretako kotxeak Luzuriagako aparkalekutik erretiratu ditu Udalak
Urriaren 1ean
Pasaiako Udalak erretako bi autoak kendu ditu urriaren 1ean Antxoko Luzuriaga inguruko aparkalekutik. Ibilgailu horiek balizko delitu batekin lotura izan dezaketenez, Udalak halako prozeduratan ezarritako epeak errespetatu behar izan ditu ibilgailu horiek kentzeko.
Maiatzaren erdialdean Pasai Antxoko Luzuriaga aparkalekuan aparkatuta zeuden zenbait ibilgailuk kalte larriak jasan zituzten su baten ondorioz, eta horietako bi bertan egon dira gaur arte, Pasaiako Udalarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateordeak bat egin du epeak luzatzearen ondorioz herritarrek bizi izan duten ezinegonarekin: "Ulertzen dugu antxotarrek aparkaleku horien okupazio luzearen ondorioz adierazi duten kezka, eta haiekin bat egiten dugu. Hala ere, azpimarratu nahi dugu ibilgailu horiek ezin izan direla nahi bezain azkar kendu, ikerketaren izaeragatik, eta horrelako kasuetan ezinbesteko izapide administratibo batzuk egin behar direlako".
Izapide horien artean, eragindako ibilgailuen jabeei behar bezala jakinarazteko legezko epeak errespetatu behar izan dira, eta baita horrelako gertaerei lotutako beste prozedura batzuk ere. Legeak behartu egiten du zenbait epe eta formalitate zehatz-mehatz betetzera, eragindako ondasunak erretiratu edo horietan esku hartu aurretik.
"Zorionez", esan du alkateordeak, "legezko baldintzak bete eta agintari judizialekin koordinatu ondoren, Udalak oniritzia jaso du ibilgailuak kentzeko. Neurri hori gaur goizean bertan gauzatu da; beraz, okupatutako bi plazak libre utzi dira berriro". Goizean zehar, Zerbitzu Saileko langileak ingurua garbitzeaz eta egokitzeaz arduratuko dira, berriro ere beste auto batzuek okupatu ahal izan ditzaten plaza horiek.