Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/07/20

Antxoko errekako koloretako isuriak ez dira toxikoak, azterlan baten parte dira

Azken egun hauetan Antxoko Molinao errekan kolorezko isuri batzuk ikusi dira. Aurreko astean ura urdinez tindatu zen eta aste honetan gorriz.

Herritarrak lasai egon daitezke, Uraren Euskal Agentziak (URA) bi isurketa horiek aztertu ditu, eta bi kasuetan hodi-sarean ihesak identifikatzeko erabili ohi diren likido trazatzaileak direla ondorioztatu du. Egiaztatze-lan horiek egiteko koloratzaileak dituen produktu berezi bat erabiltzen dute, eta horrexek dakar uraren kolorearen aldaketa. Produktu horiek ez dute eraginik, ez bertako faunan, ez ingurumenean; hau da, ez dira toxikoak.

Hil honetan horrelako proba gehiago egingo dituzte. Beraz, kolorezko isuriak ikusten badira, horixe da erantzuna. Dena den, bestelako isuririk gertatzen bada, 112ra deitzea gomendatzen du Udalak eskuduntza duten teknikariek beharrezko azterketak egin ditzaten.