Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/06/18

Pasaiako jaiei hasiera emateko “Erraldoien Agurra” ekitaldia sortu du Udalak herriko eragileekin batera

Donibanen izango da, ekainaren 23an, 12:45etik aurrera

Historian zehar, Pasaia osatzen duten lau barrutiek elkartegintza eta herri bizitza handia izan dute. Horrek, jakina, herriko jai eta ospakizunak aberastu ditu eta gaur egun Pasaiak oso kultur eta jai programazio zabala duela esan daiteke.

Programazio horren barnean, Pasaiaren ondareari ez zaizkio sekula herri eragileek egindako keinuak falta izan. Ondare horren erakusgarri dira Pasaiako erraldoiak. Urteetan zehar herrian hainbat erraldoi izan diren arren (Errege eta Erregina katolikoak, Aitona eta Amona, Batelera eta Txikiteroa...), azken urteotan bi izan dira Pasaiako erraldoi nagusiak: Mikeletea eta Iñudea.

Teo Alberro Pasaiako Udaleko alkatearen hitzetan “2023. urtean, Pasaiako Udalak galduta zituen Batelera eta Txikiteroa erraldoien hainbat zati topatzeko aukera izan zuen eta, horren harira, Pasaiak egun dituen lau erraldoiak berritzeko hautua egin zuen”. Beraz, barruti bakoitzaren erraldoia berreskuratzeko eta balioan jartzeko erabakia hartu zen. Horiek horrela, gaur gaurkoz, Pasaiak lau erraldoi izango ditu: Batelera (Donibane), Txikiteroa (San Pedro), Mikeletea (Antxo) eta Iñudea (Trintxerpe).


 

Gainera, azken urteotako ohiturari jarraituz, Arrantzale, Blas de Lezo eta Batelera buruhandiei laugarren buruhandi bat batuko zaie: Txupinera.

Osagai horiek guztiak kontuan hartuta, Pasaiako Udalak herriko lau barrutiak batuko dituen ospakizuna antolatzeko hautua egin du herriko zenbait eragilerekin elkarlanean. Zehazki, barruti guztietako zenbait eragilerekin: Konstantzia banda, Illunbe banda, Antxoko dultzaineroak, Batelerak, Donibaneko txistulariak, Alkartasuna dantza taldea, Lintxua, Lamiak, San Pedroko txistulariak, Kantujira eta Pasaiako Erraldoien Konpartsa.

Aitor Brion Ondare eta Kultura zinegotziak aurkeztu du ekimen berria “ospakizun hau, PASAIAKO JAIEN HASIERA, ERRALDOIEN AGURRA izenpean jaio da, eta helburua da udalerriko udako jai guztiei hasiera ematea denok elkarrekin eta elkarlanean, eta urtero-urtero egitea jai hori, barruti guztietan txandaka. Gainera, haur eta nerabeak erdigunera ekarri nahi ditugu eta jaien aurretik erraldoi eta buruhandiak gertutik ezagutu eta beraiekin jolastu eta gozatzeko aukera izan dezaten nahi dugu”.

Aurtengoan, estreinakoz, Donibanen egingo da ekimena eta egitaraua ondorengoa izango da:

Ekainaren 23an, Donibaneko Santiago plazan

  • 12:45. Erraldoi eta buruhandi “zaharren” desfilea Bizkaia plazatik Santiago plazara.
  • 13:15. Erraldoiei harrera udaletxe zaharrean: buruhandi berrien aurkezpena, txupinazoa, dantza, musika...

Data garrantzitsuen aurrean gaude Pasaian, barruti guztietako jaiak gertu ditugulako. Hori kontuan izanda, ekitaldi polita prestatu dugu eta pasaitar guztiei bertaratzeko gonbita luzatu nahi diegu” amaitu du Brionek.

Markel Oyarzabal Pasaiako konpartsako lehendakaria ere prentsaurrekoan izan da.  Ekitaldiaren koordinatzailea izan da bera, Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin. “Ekintza berezia antolatu dugu, Pasaiako barruti guztiak elkartuko dituen ekitaldia baita. Gainera, herriak 4 erraldoi izatea berri pozgarria da benetan” adierazi du Oyarzabalek.

Ondoren, Luisma Laboa kazetariak hartu du hitza, berak aurkeztuko baitu ekitaldia Arrate Hernandezekin batera. Laboak adierazi duenez, "ekitaldi hau hitz batekin laburbil daiteke ‘ilusioa’. Udalari erraldoi hauek berreskuratzeko egin duen lana eskertu behar zaio. Eragileok, elkarrekin, lan handia egin dugu azken hilabeteetan, eta oso albiste positiboa da hori. Ziur nago datorren ekainaren 23ko ekitaldia oso berezia izango dela".

Lourdes Castillok, Bateleren izenean, ondorengoa adierazi du "ekimen honi indarra eman nahi diogu eta horretarako gure aletxoa jarriko dugu".

Prentsaurrekoan igandeko ekitaldian parte hartuko duten beste eragile batzuen ordezkariak ere izan dira, hala nola, Unai Lujanbio (Lintxua) eta Juan Antonio Laboa (Txistularia).