Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/06/20

Udal talde politikoen adierazpena, eraso matxistarik gabeko jaien alde

COVID-19aren pandemiaren ondoriozko murrizketekin bi urte igaro ondoren, itzuli da kaleko aisialdia, eta elkarrekin aisialdiaz gozatzeko aukera. Bueltan dira, era berean, Pasaiako barrutietako jaiak. Festak askatasunez eta guztiak errespetatuz gozatzea nahi dugu. Horretarako, beharrezkoa da konpromisoa hartzea, indarkeria matxista prebenitzeko politikak indar daitezen, jai-eremu inklusiboak eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoak sortzeko baldintzak bermatzearren. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak jai-eremuetako emakumeen aurkako sexu erasoak salatzeko egindako agerraldian azaldu duen bezala, udalak sexu erasoak jaien testuingurutik kanpo uzteko lan egingo du, eraso horiek egiturazko indarkeria testuinguru batean puntualki gauzatutako indarkeria matxistak direla ulertuta; hau da, eraso horiek ez dituela festa giroak eragiten, baizik eta giro hori hartzen dela erasoa egiteko aitzakiatzat. 

Udaletik neurriak hartzeko konpromisoa hartzen dugu, udaleko arreta zerbitzuak egoera horietara egokitu daitezen eta biktimek lehen mailako arreta egokia jaso dezaten, eskura dauzkaten zerbitzu eta baliabideen berri izan dezaten, eta horietara iristeko bideak ezagutu ditzaten.

Hori dela-eta, Pasaiako Udalak udalerriko etxeetan txartelak banatu ditu, eraso matxistak prebenitzeko eta eraso bat bizi edo ikusiz gero, nola jokatu eta laguntza non eskatu azaltzeko. Halaber, txarteletan, aholkularitza eta informazioa eskuratzeko eta salaketa jartzeko bideak jaso dira. Horrekin batera, eraso sexista, homofobo, xenofobo eta transfoborik gabeko jaien aldarria ere aterako du kalera.

Jar dezagun denok gure alea, jai askeak, aniztasunaren aldekoak eta parekideak izan daitezen!