Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/30
“Energia argitu kit”: norberak bere etxeko auto diagnostiko energetikoa egiteko aukera ematen duen kanpaina
Azaroaren 6an Antxon
OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak, Pasaiako udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua duen kanpaina antolatu du.
Kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.
Kanpaina honela burutuko da:
- Azalpen-tailerra udalerrian, "Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan" izenburupean azaroaren 6an, 18:30etan, Antxoko kultur etxean. Etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dira.
- Udalaren bitartez, interesdunei “Energia Argitu Kit” maletak mailegatzea. Kit horrek aukera ematen du etxeetan neurketak egiteko, energia-gabeziak detektatzeko (aire-ihesak, berokuntza-erradiadoreetako galerak, ur emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua eta galerak, eta abar) eta % 5 eta % 10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak hartzea proposatzen du. Maletatxoko tresnak erabiltzeak ez du eskatzen ezagutza teknikorik; beraz, interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute.
- Parte-hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatu ahal izango dituzte.
Kanpaina honetan parte hartu nahi duten herritarrek, azaroaren 1a baino lehen izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:
- Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: energiabulegoa@gipuzkoa.eus
- Honako telefono zenbakira deitzea: 605-757-687(astelehenetik ostiralera. 9:00-18:00)
- Informazio osagarria: www.argitu.eus
Energia Argitu programaren helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2024ko udazkenean zehar egingo diren prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:
- Nola egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe.
- Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
- Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
- Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako
Energia Argitu da OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikoko Bulegoak bultzatuko duen jardueretako bat. Bulego hori Europar Batasuneko Next Generation EB funtsek finantzatzen dute, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen ditu, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez.