Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/03/24

Pasaiako Mugimendu Feministak herriko emakume borrokalarien lana eta historia omendu ditu Trintxerpen

Martxoaren 23an izan da ‘Emakumeon borrokak omenduz‘ ekitaldia

Pasaiako Mugimendu Feministak, Pasaiako Udalaren Berdintasun Arloaren babesarekin, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldi publiko bat egin du martxoaren 23an Trintxerpeko Gudari plazan. 2021. urtean abiatutako bideari jarraipena emanez, aurten ere ‘Pasaiako emakumeon borrokak omenduz’ ekimena antolatu da, herrian isilean eta etenik gabe lanean aritu diren emakumeen lana aitortzeko.

Ekitaldian bederatzi emakume pasaitar omendu dira aurten Pasaiako emakume guztien ordezkari gisa. Aitortza jaso duten emakumeak hainbat arlotan arituak eta adituak dira: komunitate-lanean, kultura sustatzen, zaintza-lanetan eta herriko ongizatea bermatzeko egindako borroketan. Omendutako emakume bakoitzaren ibilbidea goraipatu du mugimendu feministak, eta haien konpromisoa eta ekarpena eskertu dituzte. Honako hauek izan dira aurten omenduak:

  • Cristina Lopez Velez: Pasai Antxoko emakume borrokalaria eta langilea, San Fermin jaietako jai-batzordearen antolakuntzan eta herriko kultur ekimenetan 20 urtez aritu dena.
  • Mari Iglesias Lopez: Itxaropena-Esperanza elkarteko boluntarioa, droga-mendekotasunaren aurka eta gazteen eta familien alde egindako lanagatik ezaguna.
  • Gurutze Irastorza Irastorza: Pasai San Pedrokoa, ekintzailetzagatik eta feminismoaren aldeko jardunagatik eta komunitatearen aldeko lanagatik.
  • Erika Matamoros Bonilla: Hondurastarra jaiotzez eta sanpedrotarra adopzioz, emakume migratuen borroka eta herriko auzolana sustatzeagatik.
  • Gema Sistiaga Agirregomezkorta: Pasai Donibanen jaioa, euskara eta kulturaren aldeko lanagatik eta Albaola elkartean egindako ekarpenagatik.
  • Karmele Sistiaga Toledo: Pasai Donibanekoa, euskalgintzan eta kiroletan izandako konpromisoagatik eta komunitateari egindako ekarpenagatik.
  • Mari Cruz Balerdi: Pasai Donibanen arlo sozial eta komunitarioan egindako lanagatik.
  • Pilar Alkiza Amestoi: Trintxerpen bizi dena, haurtzaintza arloan eta hezkuntza publikoan egindako ekarpenagatik.
  • Loli Saleta Vidal: Trintxerpetarra, marinelen alargunen bizi-baldintzen aldeko borrokan egindako lan nekaezinagatik.

Ekitaldi hunkigarrian Pasaiako Mugimendu Feministako kideek adierazi dutenez, "Ezin ditugu emakume guztiak oholtzara igo, baina gure eskertza xumea egiten diegu guztiei. Emakume horien izenak eta historiak plazara ekartzea gure ardura da, eta ohorea da".

Pasaiako Udalak Pasaiako Mugimendu Feministaren lana eskertu du berriro, emakumeen memoria historikoa berreskuratu eta zabaltzeko egiten duten ekarpen zenbatezinagatik.

Argazki galeria

Pasaiako emakumeen borrokari omenaldia

[Argazki galeria osoa, hemen]