Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/02
Pasaiako eragileen eta elkartegintzaren mapa osatzeari ekingo dio Udalak
Ekimenaren aurkezpena abenduaren 11n izango da Trintxerpen

Pasaiaren elkartegintza eta herritarren sare antolatuak oso askotarikoak eta ugariak dira, eta eragile horiek guztiek ekarpen ezinbestekoa egiten diote herriari. Lau barrutietan barreiatuak egoteaz gain, askotariko gai eta eremuak lantzen dituzte: kirola, berdintasuna, kultura, gastronomia, euskalgintza, etab.
Datozen hilabeteetan abiatu nahi duen dinamikaren berri eman nahi du Udalak, eta horretarako ordubete inguru iraungo duen aurkezpen saioa antolatu du abenduaren 11n 18:30etan. Trintxerpeko alkateordetzan egingo den saioak bi zati izango ditu:
- Pasaiako eragile eta elkartegintzaren mapa egitasmoaren aurkezpena.
- Gipuzkoako Elkarteen Foroak sortu duen Elkartiri izeneko film laburraren proiekzioa.
Pasaiako elkartegintzaren mapa
Pasaiako Udalak harreman iraunkorra eta askotarikoa izan ohi du herriko elkarteekin, udal sail ezberdinetatik garatutako elkarlanaren bidez. Baina, era berean, herritarrek, bere zentzu zabalenean, eta udaleko gainerako sailek elkartegintza horren inguruko informazio, harreman eta ezagutza gutxi dutela uste da.
Hori dela eta, lehendabiziko urrats gisa, Pasaiako elkartegintzaren eta eragileen mapa egingo da. Lanketa horrek bi helburu izango ditu:
- Herriaren errealitatearen argazki ahalik eta osoena osatzea.
- Elkartegintza ikusarazi eta horren balioa nabarmentzea.
Laura Ré Parte-hartze zinegotzia hala mintzatu da: “Pasaia ez litzateke dena izango bere elkarte eta eragilerik gabe. Mapa hau ez da zerrenda hutsa izango: gure herriaren energia soziala, konpromisoa eta elkarlanerako gaitasuna aitortzeko eta indartzeko tresna kolektiboa izango da”.
Zinegotziaren arabera, mapa hau oinarri izango da etorkizunean “elkarlan-sare sendoagoa, parte-hartze egituratuagoa eta proiektu partekatuak bultzatzeko”.
Elkartiri film laburra
Gipuzkoako Herritarren Partaidetza Zuzendaritzak eta Gipuzkoako lurraldeko herritarren parte-hartzea sustatzen duten elkarteek Elkarteen Foroa sortu zuten 2020. urtean. Foro honek Elkartiri film laburra sortu du eta saioan aurkeztuko dute.
Proiektu honek, ikuspegi ausart eta apur bat probokatzailearekin, gogoeta piztu nahi du: zer gertatuko litzateke gure herrietan elkartegintza eta sare komunitarioa desagertuko balira? Zein izango lirateke gabezia horrek gure bizikidetzan, kultur dinamikan eta kohesio sozialean izango lituzkeen ondorioak?.






