Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/08/02

Herriko jaien balorazio positiboa egin du Udal Gobernuak: “Argi dugu hau dela jarraitu beharreko bidea”

Pasaiako jaiak bukatu berri, horien balorazioa egin du Udal Gobernuak. Oro har, 2024koak “jai arrakastatsuak” izan direla baietsi du Teo Alberro Bilbao alkateak, eta nabarmendu du “norbanako guztientzako espazio seguruak sortzeko” udalak egindako ahaleginak “fruituak eman” dituela.

Hala mintzatu da alkatea: “Udaletik oso modu positiboan baloratzen ditugu aurtengo jaiak. Herritarren parte-hartzea handia izan da, eta herriko lau barrutietan jai-giro paregabeaz gozatu dugu pasaitarrok”.

Eraso matxisten aurkako borrokan, aurrera

Aurten, estreinakoz, Pasaiako Udalak protokolo berritzaile bat ezarri du, Berdintasun Sailak herriko eragileekin diseinatutakoa, jaietako eraso matxisten prebentzio eta erantzunerako. Kanpaina hori Pasaiako lau barrutietan egon da aktibo, eta balorazio baikorra egin du Laura Ré Lozano Berdintasun zinegotziak: “Orokorrean, oso positiboki baloratzen dugu ekintza, bai aurre-lanketa, bai jai guztietan zehar egindako lana ere. Alde batetik, herriko eragile talde zabalarekin protokoloa diseinatu ahal izateak prozesua bera aberastu du. Horrek jendartean eragin nabarmena du, eta pasaitar guztioi eremu seguruagoak bermatzen dizkigu”.  

Protokoloak informazio eta laguntzarako telefono zerbitzua hartu du barne, bai eta  segurtasun arduradunen eta ekitaldien antolatzaileen sentsibilizazioa eta prestakuntza ere. Berdintasun arloko arduradunak zehaztu du barruti bakoitzeko Jai Batzordeetan aurkeztu dela hori, eta eragileekin bilera espezifikoak egin dituztela protokoloaren berri eman eta ekarpenak jasotzeko. Horrez gain, aurre-lanketarako, herriko etxebizitza guztietan informazio txartelak banatu zituen udalak, baita barruti bakoitzean pankartak ipini eta hedabideen bidez oihartzuna handitzeko prentsaurrekoa egin ere. “Garrantzitsuena zen ahalik eta jende gehienak telefono zenbakia gordeta edo eskura izan zezan”, esan du Rék.

Aurreko urtearekin alderatuta, % 60an murriztu da herriko jaiak hasi zirenetik (ekainak 23a) amaitu diren artean (uztailak 31) Pasaiako Udaltzaingoak jaso dituen salaketa kopurua; jakina, eraso matxistak edo LGTBfoboak barne. 2023an 18 salaketa jaso ziren lau barrutietako jaien artean, eta 2024an, aldiz, 7 izan dira.

Zinegotziak honako hau azpimarratu du: "Salaketetan, oro har, beherakada nabarmena ikusi dugun arren, horrek ez du esan nahi erasorik egon ez denik. Indarkeria matxistak ertz ugari ditu, eta denak identifikatzea ez da nahiko genukeen bezain erraza. Emakumeok egunero egiten diegu aurre gure gorputz eta bizitzekiko bortizkeriei, eta indarkeria horiek desagerrarazteko lanak tinko jarraitu behar du. Lehen bizipen honen ostean argi dugu hau dela jarraitu beharreko bidea, eta datozen jaiei begira lanketa sakonagoa egiteko konpromisoa hartzen dugu. Bereziki ostalaritzari eskainiko diogu denbora gehiago".

Jaiak “askotarikoak eta seguruak”
Azkenik, Alberro alkateak honako hau adierazi du: "Zenbait norbanakoren partetik errotik desagerrarazi beharreko jarrerak egon badira ere, oro har elkarbizitzan eta errespetuan oinarritutako jaiak izan dira aurtengoak. Askotariko bizilagun eta bisitariak ikusi ditugu herrian ekitaldiez disfrutatzen”. Emaitza hori lortzeko lanean jardun diren norbanako eta eragileei eskerrak eman dizkie alkateak: “Jai Batzordea osatzen duten kideen lankidetza eta konpromisoa funtsezkoak izan dira aurten ere jaien segurtasuna eta garapen egokia bermatzeko. Zuen lan boluntarioari esker izan dira festa hauek arrakastatsuak eta biziz beterikoak".

Alberro, gainera, Berdintasun zinegotziaren termino beretan mintzatu da etorkizunari buruz: "Hobetzen eta ikasten jarraituko dugu, gure jaiak inklusioaren eta errespetuaren erreferente bilaka daitezen. Oso pozik gaude aurtengo emaitzekin, eta datorren urterako horiek nola hobetu pentsatzen ari gara ".

Udalak esker ona adierazi die parte-hartzaile, antolatzaile eta udal langile guztiei, egindako ahaleginagatik eta inplikazioagatik. Gobernuak konpromisoa hartu du, halaber, berdintasun- eta prebentzio-politiketan lanean jarraitzeko, aurtengo esperientziatik ikasteko eta etorkizuneko ospakizunetarako etengabeko hobekuntzak aplikatzeko.