Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/10/27

“Txipietara” argazkiak irabazi du Pasaiako udal egutegiaren argazki lehiaketa 

Angela Losa Mendioroz sanpedrotarrak jaso ditu guztira 500 euroko balioa duten erosketa-bonuak, Pasaiako establezimenduetan gastatzeko

Angela Losa Mendioroz sanpedrotarraren “Txipietara” argazkia izango da 2027ko Pasaiako udal egutegiaren azala. Bigarren urtez jarraian, Laurak Bat Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak, Pasaiako Udalaren laguntzarekin, egutegiko azala aukeratzeko argazki lehiaketa antolatu du. Irailean jarri zuten martxan, eta epaimahaiak argazki irabazleak Pasaiarekin eta tokiko merkataritzarekin duen lotura nabarmendu du.

Laurak Bateko zuzendaritza batzordeko kideek eta udal teknikariek osatu dute epaimahaia, eta ez dute parte-hartzaileen nortasuna ezagutu argazki irabazlea aukeratu arte.

Mikel García Peñil Merkataritzako zinegotziak eta Ana Etxabe Laurak Bateko lehendakariak guztira 500 euroko balioa duten erosketa-bonuak eman dizkiote irabazleari, elkarteko  establezimenduetan gastatzeko.

Etxabek pozik hartu du lehiaketak izan duen harrera: “Oso pozik gaude lehiaketak izan duen erantzunarekin: iaz baino argazki gehiago jaso ditugu, eta kalitate handikoak. “Txipietara” argazkiak bikain islatzen du Pasaiaren eta merkataritzaren arteko harremana; izan ere, gurea arrantzale herria izan da beti”.

Bestalde, García Peñilek gainerako parte-hartzaileen maila ere goraipatu du: “Kalitate handiko lanak jaso ditugu aurten. Hori dela eta, Aitzol García Etxarri sanpedrotarraren ‘Lau argi, itsaso bat’ argazkiak ere bere lekua izango du egutegian”. Zinegotziaren arabera, ekimen hau “modu bikaina” da herritarren parte-hartzea bultzatu, argazkilaritzaren bidezko sorkuntza sustatu, eta aldi berean, sariari esker tokiko merkataritza sustatzen jarraitzeko”.

Argazkiaren atzean dagoen istorioa

Angela Losak azaldu duenez, une berezi batean atera zuen argazkia: “Istorio berezia du argazki horrek. Xabier nire bikotekidearekin txipiroiak arrantzatzera atera nintzen txalupa batean, eta argazkian ikusten diren eskuak harenak dira. Argazkilari profesionala naiz, eta ilusio handia egin dit sari hau irabazteak”.

Saria zertan gastatuko duen ere argi du: “500 euroak hainbat establezimendutan gastatuko ditut. Xabierri arrantzarako materiala erosi nahi diot; gure alabari, jostailuak; eta niretzat, arropa. Era berean, Laurak Bateko kide diren tabernetan pintxo batzuk jango ditugu”.

Egutegia doan eskuratu ahal izango da HAZ bulegoetan

Azala aukeratuta, Udala 2027ko egutegiaren prestaketa amaitzen ari dela azaldu du García Peñilek: “Hirugarren urtez jarraian argitaratuko dugu udal egutegia, eta dagoeneko azken ukituak ematen ari gara. Urte amaieran, pasaitar guztiek doan eskuratu ahal izango dute HAZ bulegoetan. Data zehatzak aurrerago iragarriko ditugu”.

ARGAZKI IRABAZLEA