Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/08

Meipiko bigarren igogailua eraikitzeko obrak hasi dira

Lanak 2025. urteko apirilean amaitzea aurreikusten da

Donibaneko Meipi auzoko lehen igogailua martxoaren 25ean jarri zen martxan, eta aste honetan ekingo zaio auzo horretako irisgarritasuna hobetzeko bigarren eta azken faseari.

Fase horretan bigarren lotura bertikal bat ezarriko da, Bordalaborda eta San Roke kaleak lotuko dituena. Lanak 25 asteko epean amaitzea aurreikusten da, hau da, 2025eko  maiatzaren hasierarako.

Obren aurrekontua 594.247,54 eurokoa  da (BEZa barne). Pasaiako Udalak Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza bat lortu du lanok egikaritzeko; zehazki, 277.657,04 euro jasoko ditu erakunde horren bidez, eta gainontzeko inbertsioa udalak berak egingo du.

Aintzane Taberna Donibaneko alkateordeak ziurtatu duenez, “lehenengo igogailuak onura handiak ekarri dizkigu bizilagunoi, bereziki goiko auzoetan bizi direnei, Meipi sekula baino gertuago dutelako orain. Beraz, ilusio eta gogo handiarekin ekingo diogu bigarren faseari”.

Iraitz Pazos, Hirigintza, Zerbitzu eta Mantentze-lanen zinegotziak gaineratu du obra hauei esker “zerbitzu publiko duinak” eskainiko zaizkiela inguruko bizilagunei, bereziki kolektibo zaurgarrienen eta mugikortasun arazoak dituztenen mesedetan. “Agintaldi planean hartu genuen konpromisoarekin aurrera goaz, eta irisgarritasuna bermatzen jarraituko dugu”.

Oraindik lan handia dugu Pasaia herri irisgarria izan dadin, baina Meipiko bigarren igogailu hau eraikitzea aurrerapauso handia izango da” amaitu du Tabernak.