Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2020/07/10
Donibaneko jolas eremua eraldatzeko auzolanerako proposamena
Uztailaren 16an
Uztailaren 16an Donibaneko basoa berrituko dugu, Pasaiako Udalaren, guraso eta haurren artean auzolanean.
Ikasturte honetan Donibanen garatzen aritu garen jolasgunearen parte-hartze prozesua dela-eta, uztailean azken faseari ekin nahi diogu.
Donibaneko parkea eraberritzeko parte-hartze prozesua 2019ko azaroan abiatu zuten haur eta nerabeek, Haur eta Nerabeen Eskubideen Sailak bultzatuta. Haurrek parte-hartze organoan proposatu zuten Donibaneko jolas-eremua berritzea, eta haien interesetik abiatuta, prozesuan aukera izango dute JJ Otaegi plazaren eta frontoiaren arteko eremuan zer nolako parkea nahi duten erabakitzeko.
Azaroan abiatu zen parte-hartze prozesua eta, guztira, 6 hilabeteko iraupena izan du. Apirilerako amaitzea zen asmoa, eta udarako parkea erabilgarri egotea. Baina prozesua eten egin behar izan genuen osasun alarmarengatik, eta, orain, udan eman nahi diogu prozesuari amaiera. Haur eta nerabeekin egindako parte-hartze prozesua hiru fase ezberdinetan garatu da: diagnostikoa, diseinua eta sorkuntza bateratua. Lehendabizi, haurrekin nola jolasten duten hausnartzeaz gain, eremuaren azterketa bat egin da. Ondoren, jolas-eremurako zein jolas mota, jolas-elementu eta behar zituzten aztertu da. Azkenik, haurrek jolas-eremua diseinatu dute, eta sorkuntza bateratu bat egin da, non teknikariek eta haurrek elkarrekin azken itxura nolakoa izango den adostu duten.
Prozesuan zehar behin betiko proiektuaren aurkezpen publikoa egin zuten haurrek, gurasoei eta komunitateari zuzenduta, eta prozesu osoa haurrek bideratutakoa izan da.
Elementu naturalak oinarri dituen basoa
Haurren irudimenari bide ematen dion jolas-eredu berria sustatzeko helburuarekin, eraiki den parkeak orain artean zeudenetatik oso bestelakoa izan nahi du. Elementu naturalek (enborrak, harriak, harea, belarra...) eta egurrean egindako egiturek garrantzia berezia dute, eta haurrek lur-eremu horretan baso bat sortu nahi izan dute. Hori horrela, Hogan etxola, indioen tipia, tunela, hari-eskailerak eta txirrista bezalako jolas-elementuak ezarriko dira. Jolaslekuak gune aberats, atsegin eta erakargarria izan nahi du haur guztientzat, bertan libreki mugitu, jolastu, gozatu, ikertu, harremanak izan eta amesteko aukera izan dezaten.
Hori guztia denon artean jarri nahi dugu, auzolana balioan jarriz, eta haurrak prozesu osoan txertatuz. Hori horrela, auzolana udako ekintza izango da. Uztailaren 16an, goizean 10:00etan egingo dugu hitzordua eta arratsaldean 15:00etan, jolaslekuan bertan, eta familia, herritar eta, batez ere, herriko haurrei aukera eman nahi diegu ekintza honetan parte har dezaten. Arropa erosoa ekartzea komenigarria izango da, eta haurrek gurasorik gabe ere etortzeko aukera izango dute. Musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da.
Aldez aurretik zenbat jende elkartuko garen jakiteko, eta oharrak helarazteko izen-ematea ireki dugu. Parte hartu nahi baduzue, honako lotura honetan eman behar duzue izena.