Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/25

Donibaneko bigarren igogailua martxan da ekainaren 25etik aurrera

Meipi auzoa eta Bordalaborda kalea igogailuz lotuta izango dira aurrerantzean

2025eko ekainaren 25etik aurrera martxan da jada Donibaneko bigarren igogailua, Bordalaborda eta San Roke kaleak lotzen dituena. Honekin Meipi eta goiko auzoak, Lezobide kaletik hasi eta San Rokera, igogailuz lotuta izango dira aurrerantzean.

Igogailu berriaren sarbideetan, gainera, espazio publiko duinak sortzeko jarduketak egin dira, zonaldeak asfaltatuz eta berdegune berriak ezarriz. Horrez gain, Bordalaborda kaleko sarbidean jolasgune txiki berri bat sortu da, kautxu motelgailuzko zoruz hornitua. Hainbat ekipamendu ditu: bi zabu, joko-etxola bat, balantzin bat, belarrezko espazioak eta banku zirkular moderno bat.

Barrutiko alkateorde Aintzane Taberna Ezkurrak aipatu du lanen amaiera berri “pozgarria” dela, eta bizilagunen egunerokoan onura nabarmena ekarriko duela. “Goiko bizilagunak eta erdigunekoak sekula baino gertuago eta erosoago lotuta izango gara orain, adinekoen eta mugikortasun zailtasunak dituztenen mesedetan, gehienbat. Jarraituko dugu herria zerbitzu publiko duinez hornitzen; hori da gure konpromisoa”. 

Lanen aurrekontua 594.247,54 eurokoa  izan da (BEZ barne). Pasaiako Udalak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza bat jasoko du lanok egikaritzeko; zehazki, 277.657,04 euro jasoko ditu dirulaguntza-lerro horren bidez, eta gainontzeko inbertsioa udalak berak egingo du. Eusko Jaurlaritzatik jasotako dirulaguntzari dagokionez -> Agindua, 2023ko azaroaren 14koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralen bidez Irisgarritasun Unibertsaleko Estrategia ezartzeko eta bertan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko toki-erakundeentzako dirulaguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten duena.

Bigarren eta azken igogailua martxan jarrita, Pasaiako Udal Gobernuak betetzat eman du Agintaldi Planeko beste neurri bat; zehazki, hamabigarrena: Donibaneko Meipi eta Bordalaborda auzoetako igogailuak bukatzeari buruzkoa. Halaber, urrats bat aurrera egin du gobernuak plan horren hamaikagarren puntuan ere: Herriko irisgarritasuna hobetzeko baliabideak jartzea.

Iraitz Pazos Lapido Hirigintzako zinegotziak aipatu du “begirada zabal eta orokor baten erpinetako bat” besterik ez dela hau. “Herri irisgarriak eraikitzea ez baitatza soilik arrapalak edo igogailuak jartzean, pertsona guztientzako bizigarriak izango diren herriak eraikitzean baizik: haurrentzat, adinekoentzat, ezgaitasun fisiko edo kognitiboak dituztenentzat, eta baita egunero oinez, bizikletaz edo garraio publikoan mugitzen diren guztientzat ere”. Bide horretan aurrera egiten jarraituko du Pasaiak, herri bizigarriago, irisgarriago eta inklusibo baterantz.