Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/18

Eskola kirolerako sarbide unibertsala bermatzeko dirulaguntza lerro berria jarri du abian Pasaiak

Familia zaurgarriei zerbitzuaren kostuaren %100 ere finantzatu ahalko die laguntzak

Pasaiako Udalak, udalerriko familia guztien arteko aukera-berdintasuna sustatzeko xedez, dirulaguntza lerro berri bat jarri du abian, eskola kirolerako sarbide unibertsala ahalbidetzeko. Kirol Sailak bultzatutako ekimen honen helburua da Pasaiako haur guztiek kirola egiteko aukera izatea, familien egoera ekonomikoa horretarako oztopo izan gabe.

2025erako dirulaguntza lerro berria jaso ahalko dute 2023-2024 ikasturtean eskola kiroleko programetan parte hartu duten adingabeen familiek. Jasotako eskaeren kopuruaren arabera, laguntzen bidez eskola-kirolaren kostuaren % 100eraino finantzatu ahal izango da.

Dirulaguntzak atzera-eragina izango du oraingoz. Hau da, 2025ean dirulaguntza jasoko dute aurreko ikasturtean eskola-kirolean parte hartu zutenek, dirulaguntzaren hiru baldintza nagusiak bete direla bermatzeko:

  • Eskola-kirola programan izena emanda egotea eta kuota ordaindu izana programaren xede den aldian.
  • Gutxienez jardueren % 75era joan izana (asteburuko entrenamenduak eta partidak).
  • Gizarte Zerbitzuetako programetan sartuta egotea eskaera aurkezteko momentuan.

Aurrekaririk gabeko ekimena, ekitatearen alde

Dirulaguntzaren onuradun izan ahalko dira Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei zuzendutako Jolas Hezi eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako Eskola Kirola programetan parte hartu duten adingabeak, betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Pasaiako alkate Teo Alberrok ekimen honen garrantzia azpimarratu du: "Laguntza lerro berri honekin, Udalak familia ahulenekin duen konpromisoa berresten du. Pasaiako haur guztiek kirol jardueretan parte hartzeko aukera izatea nahi dugu, familiaren diru-sarrerak horretarako oztopo izan gabe. Neurri honek, jarduera fisikoa sustatzeaz gain, berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren balioak sustatu nahi ditu".

Julen Rodriguez Aboy Udaleko Kiroleko zinegotziak bere sailak bultzatutako apustua azpimarratu du: "Ekimen aitzindaria da gure udalerrian, eta aukera-berdintasunarekin dugun konpromisoa islatzen du. Kirola funtsezko tresna da gure gazteen garapen integralerako, eta dirulaguntza honek ziurtatzen du inor ez dela kanpoan geratuko arrazoi ekonomikoengatik".

Zinegotziak azpimarratu duenez, neurri hori "apustu politiko garbi bati dagokio, kirola eskubidetzat hartzen duena, eta ez pribilegiotzat". Ildo beretik, alkateak honako hau berretsi du: "herritarrak, eta bereziki zaurgarrienak,  erdigunean jartzean datza”.

Eskaerak aurrez aurre egin ahal izango dira barrutietako HAZ bulegoetan, edo telematikoki, udalaren online izapideen atarian, 2024ko abenduaren 15era arte.