Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2020/05/27

Pasaiako Udalak 500.000 euro zuzenduko ditu, Covid-19ari aurre egiteko

Laster argitaratuko dira laguntza horiek eskuratzeko bete beharreko baldintzak

Pasaiako Udalean ordezkaritza duten talde guztiek aho batez onartu dute udal aurrekontuko 500.000 euro erabiltzea, Covid-19ak eragindako krisia arintzeko laguntzaplan bat garatzeko, pandemiak gehien kolpatu dituen sektoreei zuzendua. Azpimarratu nahi dugu neurri hauek adostasunez hartu ditugula, eta guztiok elkarrekin ari garela krisi honen ondorioei aurre egiten.

Talde guztien artean lortutako akordioak bost laguntza-lerro jasotzen ditu, hainbat kolektibori zuzenduak:

  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzen partida handitzea: egoera prekarioenetan dauden sektoreei laguntzeko partida hau 150.000 euro igoko da.
  • Merkatari eta ostalarientzako laguntza zuzenak: 250.000 euro, Pasaiako tokiko ekonomia suspertu eta indartzeko, eta merkatari eta ostalariak beren jardueretara itzul daitezen laguntzeko.
  • Kontsumo-bonuen kanpaina: 50.000 euro, pasaitarrek bertako dendetan eros dezaten sustatzeko, hobariak emanez.
  • EskolarALAI kanpaina: 35.000 euro, ikasle pasaitarrek Pasaiako establezimenduetan erosten duten eskola-materiala diruz laguntzeko.
  • Sentsibilizazio-kanpaina: 15.000 euro, Pasaiako establezimenduetan erosketak egitera bultzatzeko.

Udala laguntza horietarako deialdien oinarriak prestatzen ari da, eta horietan ezarriko dira laguntzei buruzko xehetasun guztiak: zer baldintza bete behar den laguntzak eskuratzeko, zenbateko laguntza eskura daitekeen, bonuen modalitateak, eta beste. Oinarriak laster argitaratuko dira, eta horietan adieraziko dira laguntzak aurkezteko epeak eta lekuak.