Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/05/21
Pertsona nagusien egungo beharrak, interesak eta kezkak ulertzeko diagnostiko batean murgilduko da Pasaia
Bilera irekiak egingo dira maiatzaren 27an eta ekainaren 6an
Pasaiako Udalak diagnostiko berri bat abiaraziko du, udalerriko 65 urtetik gorako pertsonen beharrak eta dinamikak hobeto ulertzeko. Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotziaren hitzetan “ikerketa honi esker, politika eta programa eraginkorragoak garatu ahal izango ditugu, pertsona nagusien egungo premietan oinarrituta. Izan ere, Pasaiak 16.658 biztanle ditu, eta horietatik % 21,70ek 65 urtetik gora ditu. Udalarentzat funtsezkoa da pertsona nagusiek gaur egun dituzten errealitateak eta erronkak ulertzea”.
Horregatik, Bizipozen lankidetzarekin, bizi-baldintzak, eskura dauden zerbitzuak eta talde demografiko horren eskaerak ebaluatzea helburu duen azterlan sakon bat hasiko du Udalak.
Proposatutako diagnostikoak ondorengo puntu hauek izango ditu ardatz: udalerrian bizi diren pertsona nagusien bizi-baldintzak aztertzea eta diagnostikatzea, behar eta interes espezifikoak ezagutzea, gaur egun erabilgarri dauden zerbitzuak ebaluatzea eta jubilatuen elkarteetako zuzendaritza-batzordeetarako kide berriak identifikatzea eta biltzea, lidergo komunitarioa indartzeko.
Informazio garrantzitsu hau biltzeko, talde fokalak antolatuko dira Pasaiako lau barrutietan: Antxon, Trintxerpen, San Pedron eta Donibanen. Azterlan honetan parte hartu nahi duten herritarrek bilera irekietan parte hartu ahal izango dute. Oraingoz, bi bilera antolatu dira:
- Maiatzaren 27an Antxon (Zaharren tokian: Axular kaleko 4. zenbakian)
- Ekainaren 6an Trintxerpen (Jubilatuen elkartean, Marinel kaleko 3. zenbakian).
Bilerak 17:00etatik 19:00etara izango dira.
Talde fokaletan gai hauek eztabaidatuko dira: hobekuntza-arloak; jubilatuen elkarteentzako eta gizarte-eragileentzako erronkak; zerbitzu soziosanitarioak; pertsona nagusien pertzepzioak; kultura, hezkuntza, aisia eta kirol eskaintza; belaunaldien arteko harremanen sustapena; eta nahi ez den bakardadearen prebentzioa.
“Diagnostiko hau funtsezko urratsa da Pasaiako pertsona nagusien benetako beharretara egokitutako programa inklusiboagoak diseinatzeko. Udalak prozesuan parte hartzeko gonbita egiten die interesdun guztiei, bizi-kalitatea hobetzen eta udalerriko gizarte-sarea sendotzen laguntzeko” amaitu du Tabernak.