Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/05/27

Adierazpen instituzionala: Maiatzak 27, Ategorrietako sarraskiaren 93. urteurrena

1931. urtearen hasieran, lan-gatazka handia zegoen Pasaiako arrantza-sektorean, eta itsasoan lan egiten zuten pertsonek lan-baldintzak hobetzea eskatzen zuten.

Apirilean zehar, marinelak elkartu ziren, sindikatuak formalizatu ziren, eta Pasaiako Arrantza Industriaren eta bere Eratorrien “La Unión Marítima” sindikatua sortu zen.

1931ko maiatzean, Espainiako II. Errepublika aldarrikatu ondoren, Kantauri isurialdeko portu nagusietan greba-egun batzuk bizi izan ziren, itsasoko langileen lan-aldarrikapenetarako irtenbidea eskatzeko. Hauek ziren eskakizunak: soldata hobeak Gran Soleko marinelentzat, itsasoan lan egiten zuten igandeen pareko atsedena, eta lanaldia gehienez 15 ordukoa izan zedila.

Lan-baldintzak hain ziren txarrak (garai hartan baldintza horiek bizi izan zituzten arrantzaleen memorietan jasotzen den bezala), ezen "esklabotzaren urteak" deitu baitzitzaien. Eta baldintza horien ondorioz, arraste-ontzien flota osoa greban jarri zen. Pasaiako arrantzaleak gosea pasatzen hasi ziren gatazkaren ondoriozko diru-sarrera ekonomiko ezaren ondorioz, eta armadoreak Galiziako herri marineletara joan ziren marinel berriak biltzera, eta ez zieten esan greban zeuden marinelak ordezkatzeko errekrutatzen zituztela. Marinel galiziar kontratatu berriak Pasaiara iritsi zirenean, eta ikusi zutenean greban zeuden marinelak eskirol gisa ordezkatzeko erabili nahi zituztela, asko beren herrietara itzuli ziren.

Maiatzaren 26an San Pedro eta Trintxerpe inguruetan bildu zen jendea manifestazioan atera zen Donostiara, baina Probintziako Gobernadoreak agindutako ordena-indarrak hedatu zirela egiaztatu zutenean, ez zuten aurrera jarraitu. Gau horretan bertan "Avance Marino" sindikatuko hainbat buruzagi atxilotu zituzten, baita Langile Elkarteen Federazioko burua ere. Tartean, Juan Mendez anarkista eta Francisco Cabezon komunista. Beste buruzagi sindikal bat, Astigarrabia, Donostiara joan zen atxilotuak kartzelatik ateratzera; Aldasoro gobernadorearekin hitz egin zuen, eta, akordiorik lortu ez zutenez, militante komunistak indarrez askatzeko mehatxua egin omen zuen.

Maiatzaren 27an, egunsentian, Pasai San Pedron 1.500 pertsona bildu ziren (gizonak, emakumeak eta haurrak), Villa Brille gobernadore militarrak han elkartuetako batzuekin hitz egiteko zain. Militarra erretiratu egin zen, eta manifestariak Pasai Antxora joan ziren, bertan Pasaiako beste hainbat herritarrekin elkartzeko. Goizeko hamarrak aldera, 2.000 lagunetik gorako manifestazioa abiatu zen Trintxerpetik Donostiara. Manifestazio horren bidez, salatu nahi zen patronalarekin akordiorik ez zegoela, eta Donostiako biztanleei ezagutarazi nahi zieten Pasaiako arrantzaleak eta marinelak borrokan ari zirela  sektorearen erreklamazioen alde. Aldarrikapenen artean hau irakur zitekeen: “askatasuna gure kideentzat” eta “ogia gure seme-alabentzat”.

Mirakruz gainera iristean, Armadako destakamendu batekin topo egin zuten, eta gobernadoreari jakinarazi zioten baketsuki atxilotutako kideak aske uzteko eskatzera zihoazela. Horiek pasatzen utzi zieten eta ohartarazi zieten aurrerago Guardia Zibila zegoela. Behin Ategorrietako erlojuaren parera iritsita, manifestazioari aurrera egiten ez uzteko aginduarekin, Guardia Zibila tiro egiten hasi zen manifestarien aurka.

Zorigaiztoko topaketa hartan 7 pertsona hil ziren: José Carnés (32 urte), Manuel Pérez Allera (34), José Novo Martinez (25), Antonio Barros (31), Julián Zurro Pérez (19), Jesús Camposoto (23) eta Manuel López Díaz; eta beste asko zauritu ziren.

Gertaera horien ondorioz, Pasaian hiru eguneko greba deitu zuten komunistek eta anarkosindikalistek; sozialistak eta euskal solidarioak, berriz, aurka agertu ziren. Ategorrietako martxaren hurrengo egunean armadoreen batzorde batek gobernadore zibilari jakinarazi zion Gobernuak portuaren gatazkari irtenbidea aurkitzeko proposatutako arbitrajea onartzeko erabakia hartu zuela; eta, lan-baldintza berriak sinatu ondoren,  arrantzaleen greba amaitu egin zen. Baldintza horietan haien aldarrikapenetako asko jaso ziren.

Hala, gertakari horien 93. urteurrena dela eta, Pasaiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak honako hau adierazten du:

1- Ategorrietan eraildako 7 manifestari pasaitarrak, haien familiak eta 1931ko maiatzaren 27ko manifestazioan zauritutako guztiak oroitu eta omentzen ditu.

2- Botere publikoek, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioei jarraikiz, Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legearen eta Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legearen babesean, memoria historiko objektibo bat defendatu eta balioetsi behar dugu; eta eskubideen eta askatasunen defentsan borrokatu ziren eta hori egiteagatik ondorio pertsonalak jasan zituzten pertsona guztien aintzatespena sozialki partekatu behar dugu; gizarte berdinago eta bidezkoago bat defendatzeagatik kaltetu zirelako.

3.- Pasaiako Udalak konpromisoa hartzen du, gertakari horien inguruko txostena osorik argitaratzeko euskaraz, galegoz eta gazteleraz. Hala badagokio,  Pasaiako Sorginarri bildumaren “1931-1939  Zanpatuen Oroimena” liburuan jasotako informazioa osatzearren

4.- 1931ko maiatzaren 27an izandako gertakarietan hildakoen oroimena ohoratzeko eta gogoratzeko asmoa adierazten du, egun hori dela-eta egiten diren ekimen instituzionaletan parte hartuz eta egiten diren ekimen sozialetara (martxak, lore-eskaintzak...) herritar guztiak gonbidatuz, gertaera horiek ezagunak izan daitezen eta ahazte kolektiboan eror ez daitezen.

Testua galegoz irakurtzeko, sakatu hemen