Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2021/04/30
Pasaiako Dantza Festibalaren baitan, dantza hezkuntzan txertatzeko jarduera
IPI Karmengo Ama, Anunciata Ikastetxea eta Pasaia Lezo Lizeoan
Pasaiako Dantza Festibalak aurten berrikuntza bat izango du bere egitarauan, Dantza hezkuntzan txertatzeko sentsibilizazio jarduera bat, hain zuzen. Pauso handi eta oso garrantzitsua da festibalarentzat horrelako proiektu bat egi bihurtzea. Etorkizunean, dantza sorkuntzak ulertzen lagundu eta sortzaile eta dantzariekiko harreman naturala sustatuko baititu.
DANTZA TAILERRAK
Aste honetan hasi eta ekainera bitarte, Haatik dantza Konpainiako kideek, dantza ikasleengana hurbiltzeko balioko duten tailer bereziak eskainiko dituzte Pasaiako hiru ikastetxeetan; IPI Karmengo Ama, Anunciata Ikastetxea eta Pasaia Lezo Lizeoan.
Modu ludiko eta erakargarri batean ikasleek dantzaren oinarrizko alderdiak landuko dituzte:
Gorputzaren ezagutza, mugimenduen kalitate ezberdinak, taldeko partaide izatearen garrantzia, musika eta erritmoa landuko dira. Eta nola ez, horrek guztiak sortzen dizkigun onura eta sentsazioetan arreta jarriz.
Proiektuaren helburua da ere, sortzaileek dituzten motibazioak eta lanerako tresna ezberdinak dantzari diren zein ez diren ikasleekin elkarbanatzea. Horretarako jardueran zehar dantza pieza bat prestatuko dute elkarrekin, sorkuntzaren helburuak, xehetasunak eta erabilitako metodologiak azalduz.
Aurten, ilusioz beteta ekingo diogu, eta datozen edizioei ilusio berbera eta ikasitakoa gehituko dizkiegu.