Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/10/31

Portuak Udalari Cirizagatik egindako erreklamazioa atzera bota du Auzitegi Nagusiak

Epaiak gatazka luze bati amaiera eman dio

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEJAN) ezetsi egin du Pasaiako Portu Agintaritzak Pasaiako Udalaren aurka aurkeztutako errekurtsoa, portu-lurretan dagoen Ciriza eraikinaren erabilerarekin lotutako prozeduran. Ebazpen horrekin Auzitegi Gorenak berretsi egin du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren aurretiazko epaia, Udalari jada arrazoia eman ziona.

Portu Agintaritzak 260.000 euro baino gehiago ordaintzeko eskatzen zion Udalari, kontuan hartuta udalak 2012 eta 2019 artean higiezina baimen formalik gabe eta zegozkion tasak ordaindu gabe okupatu zuela. Hala ere, Udalak defendatu zuen eraikina partzialki birgaitu zuela eta herritarrei irekitako kultura- eta gizarte-jardueretara bideratuta zegoela, eta Portu Agintaritzak erabilera hori urteetan baimendu zuela, aurka egin gabe.

Auzitegiaren ustez, ondasun higiezina okupatu bazen ere, Portu Agintaritzak ezin dio zuzenean konpentsazio ekonomikorik eskatu Udalari arrazoi horrengatik. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak adierazten duenez, okupazio irregularra egon zela iritziz gero, Portu Agintaritzak portuko araudian aurreikusitako prozedurak abiarazi behar zituen —zehapen-espediente bat edo utzarazpen-espediente bat, adibidez—, eta ez zuen kopuru bat zuzenean erreklamatu behar. Horrela, Auzitegiak ondorioztatzen du aurkaratutako udal-ebazpenak zuzenbidearen araberakoak izan zirela eta osorik ezesten du apelazio-errekurtsoa.

Erabaki judizial hori bi entitateen arteko normalizazio instituzionaleko testuinguru batean gertatu da; izan ere, 2024ko urrian, Pasaiako Portu Agintaritzak eta Pasaiako Udalak lagapen-akordio bat sinatu zuten, eta, horren bidez, Ciriza eraikina udal-titulartasunera igaro zen ofizialki.

Ciriza eraikinak 1.300 m² inguruko azalera du, eta hasiera batean arrantza-jarduerari lotutako biltegi bat izan zen. Industria-funtzioa galdu ondoren, erabilI gabe egon zen, harik eta Pasaiako Udalak partzialki birgaitu eta kultura- eta komunitate-jardueretarako erabili zuen arte. Lagapen formalizatuaren bidez, higiezina herritarren zerbitzurako udal-ekipamendu gisa finkatu nahi da, eta 2026an zehar prozesu berri bat hasiko da behin betiko erabilerak definitzeko, Trintxerpeko herritarrekin, elkarteekin eta eragile soziokulturalekin batera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiarekin, eta behin lagapena formalizatu ondoren; amaiera eman zaio administrazio-gatazka luze bati, eta etapa berri bat ireki da Pasaiako Udalaren eta Portu Agintaritzaren artean, lankidetzakoa izan beharko lukeena, herritar guztien mesedetan.

Alkatearen balorazioa

Pasaiako alkatea asebete agertu da epai judizialarekin, "epaiak Udalaren jarrera berresten du eta espazio horren kudeaketa arduratsua eta koherentea egin beharraren garrantzia nabarmentzen du, beti zerbitzu publikora eta pasaitarren ongizatera bideratua. Pozik gaude justiziak onartu duelako Udalak zuzen jokatu zuela. Ebazpen honek aukera ematen digu gatazka-etapa bat ixteko eta erakundeen arteko lankidetza-ikuspegia indartzeko. Gure ustez, administrazioen arteko elkar ulertzea da gure herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta Pasaiari balioa emango dioten proiektuak garatzen jarraitzeko bide bakarra", adierazi du Alberrok.

Pasaiako Portuko Agintaritzari ere mezu eraikitzailea helarazi nahi izan dio alkateak, eta eskatu dio borroka judiziala atzean uzteko eta erakundeen arteko lankidetzaren alde egiteko. Ildo horretan, gogorarazi du oraindik irekita daudela Portu Agintaritzak Udalaren aurka bultzatutako hainbat auzi, besteak beste, Trintxerpeko Azoka eta Alkateordetza utzarazteko eta horien okupazio-tasak ordaintzeko erreklamazioak.

"Pasaitarren ahalegin eta baliabideekin eraikitako eraikinez ari gara, udal aurrekontuaren kontura, eta hamarkada askotan funtsezko zerbitzu publikoak eman dituzte: merkatua, liburutegia, udaltzaingoaren bulegoak, Herritarren Arreta  Zerbitzua (HAZ) edo emanaldietarako aretoa. Zerbitzu eta bizitza komunitarioko guneak dira, ez gatazka instituzionaleko iturriak", azpimarratu du Alberrok.

Era berean, alkateak deitoratu egin du Portu Agintaritzak beste prozedura batzuk irekita izatea, hala nola bertakoek aparkatzeko ordenantzaren aurkako helegitea. Horrekin lotuta adierazi du "hori ez dela bidea" eta "erakundeek elkarrekin lan egin behar dutela, aurrez aurre egon gabe, portu-hiri integrazioan eta Pasaiarentzat etorkizun jasangarri batean aurrera egin nahi badugu".

"Udalak lasaitasunez eta irmotasunez defendatuko ditu Pasaiaren interesak, elkarrizketaren aldeko apustua eginez, eta interes administratibo edo burokratikoen aurrean ongizate kolektiboa lehenesten duten konponbideen alde eginez", esan du alkateak.