Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/10/08

Itsas Zinemaren Nazioarteko Zikloa Pasaiara itzuli da, berritasunez beteta

CIMASUBen laugarren edizioak doako zinema-saioak eta erakusketak izango ditu urriaren 16tik 30era bitartean

Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa (CIMASUB) aurten ere itzuli da Pasaiara, ikusleak ozeanoaren sakonerara eramango dituzten jarduerez betetako programa batekin. Aurten, zinema-erakustaldian honako ekimen hauek izango dira: zinema-proiekzio esklusiboak, itsas bizitzari eta paisaiei buruzko argazki-erakusketa, Txikiziklo Submarino herrikoia eta helduentzako Adindiziklo berria.

Laugarren edizio honen leloa hau da: "Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza aukera bat"; eta lelo horrek ideia hau irudikatzen du: ozeanoen esentzia atzematen duten argazkilarien eta zinemagileen dedikazioa, eta ozeanoak babesteko hartzen duten konpromisoa. 

Iraitz Pazos Lapido Ingurumeneko zinegotziak honako hau adierazi du: "Aldaketarako Marea ekimenaren barruan kokatzen dugun ziklo hau ezinbesteko zutabea da txiki-txikitatik ingurumena zaintzeari buruzko kontzientziazioarekin hasteko. Modu didaktiko eta hurbilean, Cimasub-ek gure itsasoak gertutik ezagutzeko modu bat eskaintzen die adingabeei urtero, eta hura zaintzeko eta babesteko tresnak ematen dizkie ".

Proiekzio irekiak eta doakoak

Urriaren 16tik 30era bitartean, itsas munduaren hainbat alderdi aztertuko dira film laburren eta dokumentalen bidez. Lehenengo saioan itsas biodibertsitatea eta espezieen eta ingurunearen arteko harremanak jorratuko dira. Bigarrenean kontserbazioa eta jasangarritasuna landuko dira, eta, besteak beste, klima-aldaketa eta kutsadura jorratuko dira. Azkenik, azken saioan itsasoari lotutako giza eta kultura-historiak nabarmenduko dira. Saio guztiek sarrera librea izango dute edukiera osatu arte.

Lehenengo zinema-saioa: urriaren 16an 19:00etan Trintxerpeko alkateordetzan.

CIMASUBek film labur eta dokumental sorta indartsu batekin emango dio hasiera bere lehen saioari: koralezko arrezife koloretsuenetatik hasi eta Atlantikoko ur hotzetaraino eramango gaituzte. Publikoak gonbidapen bat jasoko du ozeanoarekin hainbat ikuspegitatik konektatzeko eta gizakiak ozeanoaren kontserbazioan duen zeregina aztertzeko. 

Bigarren zinema-saioa: urriaren 23an, 19:00etan, San Pedroko Udal Aretoan.

Bigarren saioan, film laburren eta dokumentalen aukera zabala izango dugu, eta ozeanoaren mirariak esploratzera gonbidatuko gaituzte, eta, aldi berean, oreka arriskuan jartzen duten ingurumen-mehatxuak ikusaraziko dizkigute. Proiektatuko den lan bakoitzak, film laburretatik hasi eta dokumentaletaraino, itsaspeko munduaren edertasunari eta gaur egun dituen erronkei buruzko ikuspegi aparta eskaintzen du.

Hirugarren zinema-saioa: urriaren 30ean, 19:00etan, Trintxerpeko alkatetzaordetzan.

Azken saioan ikusleak munduko itsas paisaia ikusgarrienetako batzuetatik eramango dituzte, eta, aldi berean, gogorarazten die kontserbatzeko premia larria dagoela. Ikusleek irudi liluragarriak ikusiko dituzte, eta gainera ozeanoan dugun eraginari buruz hausnartzeko erronkarekin egingo dute topo. 

Argazki-erakusketa

Argazki-erakusketa Trintxerpeko alkateordetzan egongo da urriaren 16tik 30era bitartean. Erakusketak itsas espezie paregabeak eta urpeko paisaiak erakutsiko ditu, ikuslea ozeanoetako bazter harrigarrienetara eramango dutenak.

Erakusketa hau aukera paregabea da jaialdiaren urteko lehiaketan aurkeztutako 24 argazki onenak miresteko. Aukeratutako irudiek munduko itsas paisaia ikusgarrienetako batzuk erakutsiko dizkiote ikusleari, hala nola koraleko arrezifeak eta izaki misteriotsuak bizi diren sakonera ilunak. Saritutako argazkilarien artean, Joan Barcia (Urrezko Baranda eta PADI saria jaso zituen) eta Merche Llobera (Zilarrezko Barandaren irabazlea) nabarmentzen dira.

Itsaspeko Txikizikloa

Gazteenentzako zinema hezigarria da. Hezkuntza-ziklo hau Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta itsas biodibertsitatea deskubritzea eta ozeanoak babestearen garrantziari buruz ikastea du helburu, proiekzioen eta hitzaldien bidez.

Ikasleek film labur hezigarrien proiekzioetan parte hartuko dute, eta itsas munduko adituek emango dituzten hitzaldiekin jarraituko dute. Aditu horiek ikasleekin partekatuko dituzte ozeanoak dituen arazoak, bai eta hura babesteko konponbideak ere.

Jarduera horiez gain, ikasleek aldez aurreko lan bat egingo dute beren ikasgeletan, erakundeak emandako material didaktikoarekin. Material horrek ingurumenaren egoerari buruz hausnartzen lagunduko dieten jarduerak biltzen ditu, kontsumo arduratsuko eta naturarekiko errespetuko jarrerak sustatuz. 

Txikizikloak, hezteaz gain, gazteak ozeanoko enbaxadore bihurtzera ere bultzatu nahi ditu, etorkizunean itsasoak kontserbatzeko ekimenen buru izan daitezen. 

Itsaspeko Adinzikloa

Aurten, lehen aldiz, CIMASUBa gure nagusiengana hurbilduko da. Helburua da adinekoei eta horien familiei eta zaintzaileei itsas biodibertsitatea esploratzeko aukera ematea, haren kontserbazioari buruz hausnartzeko. Horrela, ongizate emozionala indartzen duen esperientzia aberasgarri batez gozatu ahal izango dute. Ekimen hau etorkizunean zabaldu nahi da, eta gizarte osoan ingurumen-inklusioa eta -sentsibilizazioa sustatu. Ziklo honen xehetasunak ixten ari dira, eta CIMASUBek eta udalak horren berri emango dute datozen egunetan.

Programazioari buruzko xehetasun gehiago izateko eta proiektatuko diren film labur guztiak ezagutzeko, jaialdiaren webgune ofiziala bisitatu behar da: www.cimasub.com. Zinegotziak adierazi duenez, "honelako ekimenak bultzatzeko eta sustatzeko baliabideak jartzen jarraituko dugu. Oso garrantzitsuak eta beharrezkoak dira bizi garen badiaren ingurunean".

Nabarmendu behar da CIMASUB zikloa 2025eko Aldakaterako Marea ekimenaren esparruan egiten dela. Aldaketarako Marearen bigarren edizio honetan, Pasaiako Udalak eta udalerriko hainbat ingurumen-eragilek herritarrak itsas zaintzan, ekonomia zirkularrean eta klima-aldaketan sentsibilizatzeko, gizarteratzeko eta inplikatzeko ia 40 jarduerako programa bat egin dute. Ekimenaren programa zehatza Udalaren webgunean kontsulta daiteke.