Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/09/14

CIMASUB - Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa eta argazki erakusketa

Irailaren 21etik urriaren 20ra, Donibanen eta Trintxerpen

CIMASUBek edo Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak itsas hondoa ezagutaraztea eta harekiko errespetua transmititzea du helburu. 1975ean sortu zen, Real Sociedadeko Urpekoak atalaren eskutik: itsasoaren eta itsaspeko irudien zale amorratuak diren urpekarien talde bat. Denborarekin, lehiaketa hau itsasoaren maitasunean eta zaintzan kontzientziatzeko ekitaldi bihurtu da.

Publikoarentzat oso erakargarriak diren formatuak erabiliz, zinema eta argazkigintza, alegia, gure ozeanoek ezkutatzen duten edertasun eta biodibertsitate guztia erakusten da; halaber, klima aldaketaren, itsas-kutsaduraren eta gizakion ekintzaren ondorioz, horiek zein egoera larrian dauden erakusten da.

Itsaspeko zine proiekzioak

Aurtengo edizioa Pasaiara ere iritsiko da. Proiekzioak Juanba Berasategi aretoan izango dira, irailaren 21ean eta 28an eta urriaren 5ean 19:00etan, eta sarrera doakoa da. 26 film labur eta 4 dokumental ikusteko aukera izango dugu. Film horiek planeta osoko itsaspeko paradisuetara garraiatuko gaituzte, eta, aldi berean,  gure itsasoei jasanarazten ari garen sufrimenduaren gordintasuna erakutsiko digute.

Itsaspeko Txikizikloa ikastetxeentzat

Gure haurrek itsasoa ezagutu eta itsaspeko mundu liluragarri eta zoragarri hau ezagutu behar dute, hura maitatuz eta errespetatuz hazi daitezen. Helburu horrekin sortu zen Txikizikloa, ingurumenaren egoeraz jabetu daitezen eta kontsumo osasungarri eta arduratsuko eta ingurune hurbila errespetatu eta zaintzeko jarrerak gara ditzaten.

Argazki erakusketak

Aurtengo CIMASUBera aurkeztutako argazki onenen erakusketak, astelehenetik ostiralera:

  • Irailaren 21etik urriaren 5era, Donibaneko Juanba Berasategi aretoko erabilera anitzeko gelan. Ordutegia:
    • Astelehen eta asteazkenetan: 10:00etatik 12:45era eta 16:30etik 19:00etara.
    • Astearteetan: 10:00etatik 12:45era eta 16:30etik 17:00etara.
    • Ostegun eta ostiraletan:10:00etatik 12:45era eta 16:30etik 19:45era.
  • Urriaren 9tik 20ra, Trintxerpeko alkateordetzan, areto nagusian. 10:00etatik 20:00etara.

Erakusketa bakoitzean 24 argazki handi ikusteko aukera izango dugu: mundu osoko itsaspeetan bizi diren espezie harrigarri eta erakargarriak gutxitan ikusten ditugun egoeretan. Naturaren edertasuna eta gizakiak naturarekiko duen jokabide krudela erakusketa berean.