Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/11/03
“Pasaiak lortu du: Aldundiak hainbat autobus-murrizketa zuzenduko ditu herritarren eta Udalaren presioari esker”
Teo Alberrok positiboki baloratu ditu zuzenketak, baina informazio zehatza, epeak eta konpromiso formalak galdegin ditu

“Herritarren presioak eta Udalaren exijentzia formalek emaitzak eman dituzte. Pasaiako autobus zerbitzuaren inguruan azken hilabeteotan egindako elkarlanari esker, Aldundiak atzera egin du, eta hainbat hobekuntza iragarri ditu” adierazi du Teo Alberro Pasaiako alkateak.
Urriaren 23an herritarrek deitutako mobilizazioak erakutsi zuen arazoak Pasaiako bizilagun askoren eguneroko beharrei eragiten diela. “Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei, sinadurak bildu dituztenei eta arazoa agerian jartzeko lanean aritu diren eragile guztiei. Herria antolatzea, elkartzea eta bere eskubideak defendatzea funtsezkoa da. Udaletik ere gure ardura hartu dugu, eta aldeon arteko elkarlanak merezi izan du”, ospatu du Alberrok.
Izan ere, Pasaiako Udalak 2024ko urriaren 7an aurkeztu zuen Lurraldebusen emakidaren proiektu aldatuaren aurkako errekerimendu formala. Aldundiak urte bereko abenduaren 3an atzera bota zuen udalaren eskaera, eta 2026an, murrizketen berri ofizialki izan bezain laster, alkateak idatziz eskatu zion Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuari neurriak berrikusteko eta E03, E07 eta E09 lineetan aurreikusitako kalteak saihesteko.
Irailaren 28an diputatuarekin egindako bileran ere aldarrikapen horiek berretsi zituen alkateak, eta, irtenbiderik lortu ez zenez, Eider Mendoza diputatu nagusiaren esku-hartzea eskatu zuen. Udalak, gainera, urriaren 20ko osoko bilkuran onartutako mozioaren bidez, kendutako zerbitzuak, maiztasunak eta konexioak berreskuratzeko eskatu zion Aldundiari.
Aldundiak atzera egin du hainbat neurritan
Azaroaren 3an Dominguezek iragarritako aldaketek udalaren eta herritarren hainbat eskaerari erantzuten diete:
- E03 linea (Donibane–Ospitaleak egungo OR07): Aldundiak iragarri zuen autobus hau Errenteriako auzo desberdinetatik (Beraun, Pontika, Kaputxinoak, Galtzaraborda, Alaberga...) pasako zela, eta horrek nabarmen luzatzen zituen sanjuandarren ospitaleetarako bidaiak. Hainbat kexaren ostean, urria baino lehen lortu zen asmo horretan atzera egitea, eta ez zen indarrean sartu.
- E07 linea (San Pedro–Ospitaleak, egungo OR09): Escalerillas, Buenavista, Nafarroa hiribidea eta Molinao geralekuak kendu zituen Aldundiak, eta horren ondorioz, eten egiten zen San Pedro/Trintxerpe eta Antxo arteko autobus-lotura zuzena eta zaildu egiten zen Antxoko beste garraio publikoekiko (topoa edo trena) intermodalitatea. Orain, geldialdia egingo du autobusak Escalerillasen, Buenavistan, eta Nafarroa hiribidean, baina Aldundiak aipatzen du Molinaotik “saihesbidea hartuko duela” autobusak, ez bertan geldialdirik egingo duenik.
- E09 linea (San Pedro–Donostia, egungo OR05): Maiztasunak gutxitu zituen Aldundiak, astelehenetik larunbatera 15 minutuko maiztasunetik 20kora igaroz ia egun osoan zehar, eta igande eta jaiegunetan 30 minutura lehengo 20 minutuetatik. Orain, astelehenetik ostiralera aurreko maiztasunak berreskuratuko dira nagusiki (ez egun osoan zehar, baina bai, Aldundiaren arabera, ordurik jendetsuenetan). Hala ere, larunbatetako maiztasuna (lehen 15 minutukoa zena) igande eta jaiegunetakoetara parekatu dute (20 minutu).
“Aldaketa horiek ez dira hutsetik jaio”, aitortu du alkateak, “presioa egitearen ondorio dira”. E03aren kasuan, ibilbidea ez luzatzea lortu dugu; E07an, Antxorekin konexioa berreskuratzea; eta E09an, maiztasunen murrizketak hobetzea. Horregatik, prozesuaren balorazio positiboa egiten dugu, baina ez dugu esango dena konponduta dagoenik, ezta urriaren 1a baino lehen genuen egoerara itzuli garenik ere”.
Argitzeko eta berreskuratzeko asko
Alkateak ohartarazi du Aldundiak zabaldutako informazioa ez dela “ez nahikoa, ez formala ere”, eta hainbat gai airean geratu direla. E07 linearen kasuan, esaterako, Aldundiak adierazi du autobusak “Molinaotik barrena hartuko duela saihesbidea”, baina ez du zehaztu Molinaon geldialdia egin eta geraleku hori berreskuratuko den.
Horregatik, Alberrok iragarri du gutun formal bat bidaliko diola berriro Mugikortasun diputatuari, honako informazioa eta konpromisoak eskatzeko:
- Linea bakoitzaren ibilbide osoak eta geraleku guztiak, noranzko bakoitzean.
- Ordutegi zehatzak eta maiztasunak, eguneko tarte guztietan eta asteko egun guztietan.
- Iragarritako aldaketak martxan jartzeko data zehatza.
- Geltokietako markesinetan informazio eguneratua, argia eta ulerterraza jartzea, azken asteotan erabiltzaileen artean sortutako nahasmena eta informazio falta berriro gerta ez daitezen.
- Urrian zerbitzu berria martxan jarri zenetik jasotako erabilera-datuak, aldaketek izan duten eragina aztertu eta zerbitzuaren benetako beharrei erantzuteko.
“Ezin da halako aldaketarik egin erabiltzaileei informazio argirik eman gabe. Azken asteotan nahasmena izan da nagusi: ordutegiak falta izan dira markesinetan, ibilbideak eta izenak aldatu dira, eta herritarrek autobusak galdu dituzte, ondorioz. Mugikortasun zerbitzu publiko batek ezin du horrela funtzionatu”.
Alkateak, gainera, erakundeen arteko harremana kritikatu du: “Beste behin, Pasaiako herritarrek eta Udalak prentsaren eta sare sozialen bidez izan dugu gure herrian izango diren aldaketa garrantzitsuen berri; ez dugu inolako informazio ofizialik jaso”.
Hala amaitu du balorazioa alkateak: “Lortu dugu Aldundiak hainbat murrizketa zuzentzea. Hori herritik egindako presioaren eta Udalaren errekerimenduen emaitza da, eta aurrera egiteko indarra ematen digu. Baina ez gara hemen geratuko: Pasaiak kalitatezko autobus zerbitzua behar du, barruti guztiak eta herritarren eguneroko beharrak kontuan hartuko dituena. Horretan lanean jarraituko dugu”.







