Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/09/30
Alkateak “arduragabetzat” jo ditu Mugikortasun diputatuaren adierazpenak eta Ahaldun Nagusiarengana joko du Pasaiako autobus murrizketen larritasuna helarazteko
Alberrok “larritzat” jo ditu Mugikortasuneko diputatuaren adierazpen faltsuak eta dokumentazio ofiziala aurkeztu du horiek gezurtatzeko

Teo Alberro Pasaiako alkatea eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko foru diputatua irailaren 28an bildu ziren Pasaiako udaletxean, urriaren 1etik aurrera herriko garraio publikoan indarrean sartuko diren murrizketez eta, bereziki, E07 eta E09 lineetan aurreikusitako galerez hitz egiteko. Alberroren arabera, ordea, bilerak ez zuen aurrerapenik ekarri bi linea horien inguruan, eta diputatuak ez zuen aldaketak berrikusteko edo atzera egiteko borondate edota asmorik agertu.
Alkatearen esanetan, “Dominguez ez zen etorri pasaitarren mugikortasunean ezarri nahi dituen murrizketei buruz hitz egitera edo horiei buruzko azalpenak ematera, baizik eta Udalari exijitzera orain bere bitartekoekin bete dezan berak utziko duen hutsunea”, azaldu du Alberrok.
Testuinguru horretan, Alberrok bereziki larritzat jo du azken egunotan diputatuak publikoki behin eta berriz adierazi izana Pasaiako Udalak ez zuela errekerimendurik aurkeztu autobusen proiektu berriaren harira. “Erabat arduragabea da herritarren artean kezka eta nahasmena hedatzeko helburuz halako gezurrak botatzea; are gehiago dokumentazio ofizialak kontrakoa argi eta garbi jasotzen duenean”.
Izan ere, 2024ko urriaren 7an, Pasaiako Udalak aurretiazko errekerimendua aurkeztu zuen Diputatuen Kontseiluak 2024ko ekainaren 11n hartutako erabakiaren aurka, garraio-zerbitzu publiko erregularraren emakidaren 2. proiektu aldatua onartzen zuena.
Testuan, Udalak lau arrazoi juridiko nagusi planteatu zituen: herritarren parte hartzeko eskubidea urratu izana; mugikortasun jasangarrirako eta garraioa askatasunez aukeratzeko eskubidea urratu izana; administrazio publikoek beren erabakiak behar bezala arrazoitzeko duten betebeharra urratu izana; eta hainbat ibilbidetan eragina zuten neurri jakin batzuk berrikusteko eskaria.
Errekerimendu hori 2024ko abenduaren 3an ebatzi zuen Diputatuen Kontseiluak, Udalak egindako eskaerak deuseztatuz. Ebazpenaren testu osoa Aldundiaren webgunean publiko egin ez bada ere, erabakia bera atari horretan jasota dago, Diputatuen kontseiluaren erabakien laburpenaren Mugikortasuneko puntuan: “Pasaiako udalak jarritako errekerimendua ebaztea: 2024ko ekainaren 11ko erabakiaren aurka jarritakoa”.
“Horrenbestez, ez da egia Pasaiako Udalak 2024an autobusen emakida berriaren kontra egin ez zuenik. Aldundiaren dokumentazio ofizialak berak egiaztatzen du Udalak errekerimendua aurkeztu zuela, haren edukia aztertu zuela, horri buruzko txosten teknikoa egin zuela, eta ebatzi ere egin zuela, proposamenei entzungor eginez”, zehaztu du alkateak.
“Ez dugu eztabaida politikoa dokumentu ofizialek diotena baino urrunago eramango. Baina ezin dugu onartu herritarren aurrean horrelako mezu faltsuak hedatzea, eta are gutxiago beste administrazio bati ezer egin ez izana eta gezurretan aritzea leporatzea”, txarretsi du Alberrok.
E03an lortutakoa, E07an eta E09an oraindik egiteko dagoena
Alkateak adierazi du ika-miketan murgildu baino, lanean jarraituko duela Pasaiako Udalak: “2024an bezala, 2026an ere hainbat eskaera egin dizkiogu Aldundiari modu ofizialean. Horien artean nagusiak E03, E07 eta E09 lineetan aurreikusitako murrizketak eta zerbitzuaren okertzeak ez aplikatzea”.
“Azken egunotan jakin dugu Donibaneko E03 linea asko okertuko zuen erabakian Aldundiak atzera egitea lortu dugula. Horrek erakusten du aldaketak berrikusi eta zuzendu daitezkeela oraindik ere. Betiere, horretarako borondatea baldin badago”, adierazi du alkateak.
Irailaren 28ko bileran bi aldeek adostu zuten bi hilabete barru berriro biltzea, orduan “aldaketek benetan sortzen dituzten eraginak aztertzeko borondatea” agertu baitzuen Dominguezek. “Abenduan berriro eseriko gara mahai honetan eta datuekin hitz egingo dugu”, ziurtatu du Alberrok. “Baina, bitartean, ez gara besoak gurutzatuta geldituko. E07 eta E09 lineetan proposatutako aldaketek kalte handia ekarriko diete pasaitar askori, eta ez dugu bi hilabete itxarongo gure aldarrikapenak defendatzeko”.
Hala, Pasaiako alkateak iragarri du Ahaldun Nagusiarengana joko duela, gaiaren larritasuna eta Pasaiako garraio publikoaren egoera zuzenean helarazteko eta elkarrizketa beste maila instituzional batera eramateko.
“Asteleheneko bilerak erakutsi zigun Mugikortasun Sailak, oraingoz behintzat, ez duela E07 eta E09 lineen murrizketetan atzera egiteko eta pasaitarren alde jarduteko borondaterik. Baina gure betebeharra da pasaitarren interesak defendatzea. Hori egin dugu orain arte, hori egiten jarraituko dugu eta, zerbitzua martxan jarri ondoren ere, beharrezkoa den guztietan eskatuko dugu neurriak zuzentzea. Ez dugu gai hau itxitzat emango”, amaitu du Alberrok.







