Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/03/26

Breaker fanzinea eta bere heavy jaialdia Antxora itzuliko dira azken aldiz 40. urteurrena ospatzeko

Heavy musika izango da protagonista maiatzaren 8tik 10era

Aurten 40 urte bete dira Antxoko Erakin liburu-dendan Breaker fanzinearen lehen alea salgai jarri zenetik.

Fanzine bat tirada eta banaketa gutxiko aldizkaria da, mota askotako gaien zaleek baliabide gutxirekin egina. Hala ere, batez ere, musika-gaiak dira nagusi. 80ko hamarkadan oso ezagunak izan ziren Euskal Herrian musika munduan.

"Breaker fanzinea 1985eko urtarrilean jaio zen Pasai Antxon, hainbat gazteren (Juan Mari Serrano eta Iko Olea) eta laguntzen ziguten kolaboratzaile askoren eskutik. Antolatzaileak honela mintzatu dira: “Denoi gustatzen zitzaigun Heavy Metala eta musika hori eta inguruko taldeak ezagutzera eman nahi genituen, talde horiek ez zutelako laguntza handirik eta haientzako zaila zelako euren burua ezagutaraztea”.

Aurkezpenean gaineratu dutenez, "lau hilean behin zenbaki bat atera eta banatzen genuen, hainbat lekutan utziz eta alea 50 pezetaren truke postaz salduz. Horrela, 10. zenbakira 400 kopiarekin iritsi ginen. Bitarte horretan istripu larri bat gertatu zen, eta bi antxotar lagun eta fanzinearen kolaboratzaile (Iñigo Anatol eta Joxi Lanzas) hil ziren, Buenavista parean tren batek harrapatuta. Gertaera tragiko horren ondoren, pentsatzen hasi ginen haiek nola gogoratu, eta horrela hasi ginen Antxoko Heavy Jaialdia antolatzen. 10 urtez egin zen zezen plazan San Ferminetako egitarauaren barruan".

40 urte geroago, antolatzaileek Breaker fanzinea gogoratzea proposatu dute. Horretarako, azken agur-edizio bat antolatuko da, hildako bi lagun horiei omenaldia egiteko. Antolakuntzak topaketa hunkigarria espero du "ekitaldiko musika-kartela osatzen duten talde guztiak ez daude ausaz aukeratuta, 86tik 96ra bitartean jaialdian parte hartu zuten taldeak baitira. Aurtengo ekitaldia edizioz edizio osatzea lortu genuen familia berriro biltzeko modu bat da" adierazi du Iko Oleak.

Bultzatzaileek gaineratu dutenez, Pasaian argitaratutako fanzinea "fanzineen munduan bitxitzat jotzen da"; izan ere, diotenez, "ez zen ohikoa horrelako argitalpen bat egitea heavyaren zaleentzako bakarrik; ohikoagoak ziren euskal rock erradikala edo punka bezalako generoetan; eta hori da ondare hori oroitzeko beste arrazoietako bat", dio Juan Mari Serranok harro.

"Estatuko musika bildumagile askok gure fanzinearen aleak gordetzen edo erosten dituzte oraindik, generoaren barruan  ekimena ezohikoa delako" adierazi du Oleak.

"Udaletik oso ekimen interesgarria dela baloratzen dugu, iraganeko oroitzapen politak ekarriko dizkiguna eta egungo belaunaldiei Antxon izan genuen tradizio ugarietako bat erakutsiko diena" adierazi du Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateordeak.

"Berezia izango da Antxon genero musikal hau berriro entzutea. Ez dago modu hoberik bere garaian izan ez zuen jaialdiari amaiera emateko", gaineratu du Aitor Brion Ondareko eta Kulturako zinegotziak. Jaialdia 3 egunetan banatuko da eta egun horietan erakusketak, hitzaldiak eta Breaker Fest jaialdia izango dira, non maila handiko 3 heavy talde arituko diren. "Pasaitar guztiak animatzen ditugu musikarekin gozatzera etor daitezen. Ekitaldi guztiak doakoak izango dira".

Programazioa:

Maiatzaren 8tik, osteguna, 10era, larunbata,

Antxoko Kultur Etxean: Erakusketa: "Breaker fanzinearen historia eta oroitzapenak".

Taldeen argazkiak eta fanzinearen material historikoa jarriko dira ikusgai. Halaber, fanzinearen zenbakiak begiztatu eta muntaketa-prozesua ikusi ahal izango da. Ordutegia: ostegun eta ostiraletan 18:00etatik 21:00etara eta larunbatean 17:00etatik 19:00etara.

Maiatzaren 8an, osteguna, 19:00etan Antxoko Kultur Etxean:

Hitzaldia: "40 urte agertokien gainean". 40 urte zuzenean jotzen daramaten musikari gonbidatuek parte hartuko dute:

  • Mikel Kazalis (Estigia, Negu Gorriak, Kuraia eta Anestesia).
  • Felix Lasa (Leize).
  • Gonzalo Ibañez (La Perrera Nuevo Catecismo Catolico).

Amaieran, Hardwave talde heavy antxotarraren hainbat abesti entzun ahal izango dira.

Maiatzaren 10ean, larunbata, 20:00etan:

"BREAKER FEST" egingo da Biteri plazan: KALEAN (Lasarte), LEIZE (Zestoa), eta ANESTESIA (Zarautz) taldeek joko dute. Sarrera doakoa izango da.

"Jende asko etortzea espero denez, batez ere kontzertuen egunean, heavy metalaz gozatu nahi dutenei dei egiten diegu garraio publikoan etor daitezen, trafiko pilaketak eta aparkatzeko arazoak saihesteko" amaitu du Mikel Garciak.

1988