Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2019/10/23
Pasaiako Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartutako proposamena, portu-eremuko hustuketa-lanek ingurugiroan duten eraginari buruzkoa
Pasaiako Badia Erakunde Arteko Batzordearen Mahai Politikoan aurkeztuko da 2019ko urriaren 23an

2012an ingurumen-zainketan eskumena eta inplikazioa dugun administrazio guztiok “Pasaiako Badia” erakunde arteko batzordea sortu genuen.
Batzorde horren helburu nagusia zen, eta oraindik ere bada, honako hau: Pasaiako Badiaren inguruko ingurumen-baldintzak aztertzea, eta mahai tekniko eta politikoaren bitartez, beharrezko neurriak aztertu, sustatu eta proposatzea, nork bere erantzukizun eta eskumenen arloan, badiaren inguruko giza jarduketek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ingurumenean.
Pasaiako badiaren inguruan eskumena duten administrazio guztiok beharrezkotzat jo genuen gure jarduerak babesteko, kontrolatzeko eta zuzentzeko konpromisoa hartzea; aberastasun handiko ingurunea den gure badia babesteko, eta, batez ere, gure jarduerak gure ingurune hurbilenean eragiten duen aztarna ekologikoa murrizteko. Herrietatik ere asko laguntzen diogu mundu-mailako ekimenari.
Kontuan daukagu eta badakigu gizakiok ingurunean egiten ditugun ekintza guztiek eragin saihestezina dutela. Hala ere, badiaren inguruan eta, bereziki, portu-eremuan, egiten ari ziren jarduketek ezinbesteko konpromisoa eskatzen zuten; portuko jarduerek sortzen dituzten aire-, ur-, soinu- eta zoru-kutsaduren mailak murrizte aldera.
Halaber, aditzera ematen dugu, batzordeak berak egiaztatu duen bezala, eta batzordearen laneko aktetan islatzen den bezala; kexa asko eta asko jaso direla, portu-jarduerek airean sortzen dituzten eraginak eta zarata direla-eta. Zehazki, iaz (2018) soinuari buruzko 22 kexa erregistratu ziren, kutsadura atmosferikoari buruzko 12 kexa eta itsasontzietako motorrek sortzen dituzten usain txarrei eta keari buruzko bi kexa.
Horri dagokionez, azkenaldian bizilagunen kexak Udalean zentralizatu ditugu, eta kexa horiek bideratu ditugu. Horietako batzuk komunikabideetan ere agertu dira. Beraz, agerian geratu da portuko kaietan egiten diren garnelen hustuketa-lanetan ez dagoela jardunbide egokiei buruzko kontrolik.
Hustuketa-lan horiek soinu-eragin nabarmena sortzen dute, eta airean ere eragiten dute. Zama horietako askok airean partikulak sortzen dituzte husteko garaian, eta partikula horiek ingurumenari eta portuaren inguruan bizi diren herritarren osasunari eragiten diete.
Pasaiako Udaletik, eta bertan ordezkaritza dugun talde politiko guztien adostasunez, mahai politikoari honako hau proposatzen diogu: mahai teknikoan biltzen diren teknikariek azter ditzatela 2012az geroztik indarrean diren Jarraibide Teknikoak, eta jarraibide horiek eguneratu eta ondorengo aldaketak egiteko aukera azter dezatela:
- Gertalariek gora egin dutenez, mahai politikoa eta mahai teknikoa hiru hilean behin bil daitezela, ingurumenari eta badiako bizilagunei eragiten dieten gertakariak arretaz aztertzeko.
- Erakunde arteko batzorde hori zorrotzagoa izan dadila Pasaiako Portu Agintaritzari bere konpromisoak bete ditzan eskatzeko garaian, zehazki, granelak itsasontzietatik hustu, kaian utzi eta garraiatzeari dagokionez. Era berean, Portuko poliziari eskatzen diogu kontrol handiagoa ezar dezala zamak husteko jarduketetan oro har, eta granelak husteko jarduketetan bereziki.
- Erakunde arteko batzorde honi operadoreen aurka irekitako espedienteen eta horiei jarritako zehapenen berri ematea, operadore horiek lanen jarraibide teknikoak betetzen ez dituztenean.
- Larrialdi mahai tekniko eta politikoa eratu dadila, urari eta/edo aireari eragiten dieten egoerak gertatzen direnean. Mahai hori 48 orduko epean bilduko da, udalek hala eskatuz gero; dagoen informazioa partekatzeko, eta hartu diren neurrien berri emateko.
- Kaietan granelak uzteko denbora mugatzea, eta granel horiek lonekin edo bestelako babesgarriekin babesteko exijitzea inolako baldintzarik gabe; egoera klimatologikoaren ondorioz, ez daitezen airetik partikulak zabaldu, hauts-itxurako materialak uzten direnean. Era berean, exijitzea, portu barruan granelak garraiatzeko garaian, ibilgailu astunak beti olanez estalita ibil daitezela.
- Lanen jarraibide teknikoetan jasotako ondorengo paragrafoa berehala berrikus dadila: “Por necesidades de explotación del Puerto y aunque la “velocidad límite de operación” supere los límites anteriormente indicados, la Autoridad Portuaria podrá permitir la continuidad de la operación de carga/descarga del buque mientras no se supere la “velocidad límite de operación”durante más de 1,5 horas en las jornadas de trabajo del Puerto en las últimas 24 horas y no exista riesgo de afección a terceros.” (6. or. -3.2 Prevención y minimización de emisiones de mercancía a granel)."
- Azkenik, airearen kalitatea eta soinua neurtzeko gailua jar dadila Molinaoko kaian (Antxo). Hartara, airearen kalitatearen eta kutsadura akustikoaren ezagutza eta kontrol gehiago izango dugu. Datuak berehala lortuko ditugu, eta era fidagarrian.
Jakin badakigu granelen hustuketak, eta batez ere hauts-itxurako materiaren hustuketak sortzen duten kutsadura saihesteko neurri gehienak operadoreen esku daudela, izan ere, zamalanetako makinak oso inportanteak dira airean geratzen diren partikulek sortzen dituzten eraginak txikiagotzeko.
Horregatik, uste dugu, interes orokorreko beste portu batzuetan egiten den bezala, Pasaiako Portu Agintaritzak, granelen hustuketan jardunbide egokiak bermatzearren, operadoreekin hitzarmenak bultzatu behar dituela, makinen modernizazioa eta aldaketa sustatzeko.