Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/07/24

Botiltzar prebentzio programak Donibaneko Santiago jaietan hartuko du lur

Uztailaren 30ean, 20:00etatik aurrera

Pasaiako Udalak, Gizarte Ekintza sailaren prebentzio programaren baitan, Botiltzar programa abiaraziko du aurten ere, Ai Laket elkartearen eskutik. Ekimen hau festa giroko alkoholaren kontsumoa murrizteko esku-hartze prebentiboa da, eta Donibaneko Santiago jaietan jarriko da martxan, uztailaren 30ean (asteazkena), 20:00etatik aurrera.

Botiltzar programa jaietan kalean alkohola kontsumitzen ari diren nerabeei eta gazteei zuzenduta dago, eta helburua da alkoholaren erabilerak sor ditzakeen arriskuak murriztea. Prebentzio lan honen bidez, gazteengana zuzenean hurbiltzen dira, informazioa eta material egokiak banatuz. Honakoak dira helburu nagusiak:

  • Prebentzioa: Alkoholaren erabilerak dakartzan arriskuak gutxitzea.
  • Kontzientziazioa: Gazteak kontsumoen arriskuez kontzientziatzea eta kontsumoaren arrazoiak hausnartzera bultzatzea.
  • Bizikidetza sustatzea: Festa giroko bizikidetza positiboa eta osasuntsua bultzatzea.
  • Alternatibak eskaintzea: Legez kontrako substantzien arriskuez ohartaraztea, eta kontsumoak ekar ditzakeen ondorioen inguruan informazioa ematea.
  • Datu bilketa: Alkoholari buruzko informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa jasotzea.

Esku-hartzearen ezaugarriak

Interbentzioak 4 orduko iraupena izango du, eta 4-6 profesionalek parte hartuko dute. Lan-taldeak herriko gazte eta nerabeengana hurbilduko dira, alkoholaren erabileran arriskuak murrizteko helburuarekin, eta informazio zein prebentzio-materiala banatuko dute.