Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/11/17

Bokalek, Euskararen Aholku Batzordeak, antolatutako Elkarguneen I. topaketaren emaitzak

Azaroaren 15ean egin zen

Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Bokalek, Pasaiako eragile eta herritarren lehen topaketa antolatu du udalerrian euskararen biziberritzean egiten den lana aitortu eta balioan jartzeko. Bertan izan dira aisia, kultura eta kirol arloetako elkarteetako ordezkariak, euskaltegietako irakasle nahiz ikasleak, ikastetxeetako irakasle eta gurasoak, Pasaiako enpresetako ordezkariak, merkatariak, gazte taldeak, udaleko ordezkariak, nahiz herritar euskaltzaleak.

Topaketaren helburua izan da Pasaian euskara gehiago erabil dadin hainbat arlotan egiten den lana ezagutzea eta horri balioa ematea. Topaketa Pasaiako eragileek elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin indar handiagoz aurrera egiteko baliatu nahi izan dute antolatzaileek. Gainera, Jaime Altuna gizarte antropologian adituak parte hartu du ekitaldian, euskararen biziberritzean herriko eragileek duten garrantziari buruz hitz egiteko. Ondoren, sari banaketa egin da Pasaiako herritarren aktibazioa eskertzeko eta euskarari indarra emateko bidean ibilbide bat egina duten egitasmoei eta herritarrei aitortza egiteko. Horri lotuta, dantza ikuskizun bat ere ikusteko aukera izan dute bertaratuek.

Pasaiako alkate Teo Alberrok egindako sarreran aipatu du Udaletik sustatu nahi dela hanka instituzionala eta hanka soziala elkarrekin oinez joatea, eta esan du horrelako elkarguneak horren adierazle direla . Bokalek, Euskararen Aholku Batzordeak, hamarkada bat baino gehiago darama martxan eta denbora honetan guztian geroz eta sendoagoa bilakatu da Udalaren eta Pasaiako eragileen arteko elkarlana. Udalak ere euskarak aurrera egin dezan ardura berezia duela azpimarratu du alkateak.

Ondoren, elkarguneetako ordezkariek hitza hartu dute, nor bere arloan egiten ari den lanaren laburpen bat egiteko, eta jarraian Jaime Altuna gizarte antropologoak hartu du hitza.

Euskarari buruzko hainbat ikerketa egin ditu Jaime Altunak kirolarekin, gazteekin eta genero ikuspuntuarekin uztartuta, besteak beste. Gaur egun ere horretan dihardu, euskararen biziberritzea helburu hartuta. Topaketan eman duen hitzaldiari “Hizkuntzaren funanbulistak: orekak, desorekak eta sareak” jarri dio izena. Hitzaldian Pasaiako egoera soziolinguistikotik abiatuz, herriko eragileek euskararen biziberritze prozesuan izan duten eta duten garrantziaz aritu da, eta sare sendoak ehuntzeko beharra azpimarratu du.

Ekitaldiaren amaiera aldera, herritarren aktibazioa saritu du Bokalek, Pasaian euskararen biziberritzean dabiltzan ekimenei aitortza egiteko. Pasaiako bi artistek egindako artelanak banatu dira sari gisa: Mari Luz Etxanizek egindako margolana Eider Perezen bertso batekin.

Aurtengo lehen saria Pasaiako mintzalaguna egitasmoarentzat izan da. Egitasmo horren xedea da hiztunak arlo teorikotik praktikara igarotzea, gizartean ikusgai bihurtzeko. Boluntariotzan oinarritutako egitasmoa da. Aurreko ikasturtean 63 lagun aritu dira 15 taldetan, Pasaiako lau barrutietan. Boluntariotza lan hori euskararen aldeko aktibazioaren erakusgarri argia da.

Bigarrenik, Gau Beltzaren antolaketan dabiltzan gurasoak saritzea erabaki du Bokalek. Gau Beltzaren inguruan aktibatu diren gurasoak jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta daude eta, ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira barrutiz barruti. Gainera, kohesio soziala indartzeko eta komunitatea sortzeko tresna baliotsua dira.

Amaieran, eta saria aitzakia hartuta, ekitaldira Gau Beltzaren zatitxo bat ekarri nahi izan dute antolatzaileek. Horretarako, Pasai Antxoko Gau Beltzean parte hartu zuten gazteek gau horretarako prestatutako antzerkia eta dantza egin dute.