Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/05/06
Bokaleri izaera juridikoa aitortu dio Pasaiako Udalak aho batez
Bokale Euskara Aholku Batzordearen jarduna forma juridiko bidez aitortu du plenoak
Pasaiako Udalak urrats garrantzitsua egin du euskararen normalizazioaren aldeko bidean: Bokale Euskara Aholku Batzordearen jarduna forma juridiko bidez aitortu eta arautegia onartu du. Apirileko osoko bilkuran atera zen aurrera neurria, Pasaian ordezkaritza duten alderdi politiko guztien (EH Bildu, Podemos, EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin.
Bokale 2011n sortu zen, Euskararen I. Plan Estrategikoa diseinatu eta garatzeko testuinguruan. Ordutik hona, herriko hainbat eragilek osatutako lan-mahaiak eta elkarguneak egituratu dira, eta parte-hartze sare sendo bat eraiki da.
Pasaiako Udaleko Euskarako teknikariak eta Euskarako zinegotziak parte hartzen dute Bokalen, herriko sektore anitzetako eragile eta ordezkariekin batera: euskalgintzako herri ekimenetako ordezkariak (barruti bakoitzeko bat), herriko euskaltegietako ordezkariak (Udal Euskaltegia eta Txirrita AEK), hiru ikastetxeetako ordezkariak (Karmego Ama, Pasaia-Lezo Lizeoa eta La Anunciata), Laurak Bat merkatarien elkartea, aisialdi eta kirol lan-mahaiko ordezkariak, lan-munduko ordezkariak eta gazte mahaikoak.
Batzordearen eginkizuna da euskararen erabilera normalizatzeko estrategiak eta politika publikoak hausnartu, garatu eta jarraitzea, betiere Euskararen Plan Estrategikoan jasotako ildoei jarraituz. Halaber, batzordeari legitimitatea aitortzen zaio hizkuntza politiken inguruko erabakiak hartzeko. Parte-hartzea eta lankidetza ardatz izanik, beraz, egitura honek aukera ematen du herritarren eta eragileen ahotsa modu antolatuan eta eraginkorrean entzunarazteko.
Pasaiako Euskarako zinegotzi Laura Ré Lozanok honakoa adierazi du: “Bokalek ibilbide historikoa dauka gure herrian. Pasaian, euskara bultzatzeko espaziorik emankorrena dela esan genezake ahoan bilorik gabe. Horregatik, eta aitortza gisa, garrantzitsua iruditzen zitzaigun forma juridikoa ematea, udal-organo bihurtzea. Gainera, sinisten dugun politika ereduaren adierazle da neurri hau, herritarren partaidetza sustatzeko gune bat ere badenez Bokale bera”.
Zinegotziak nabarmendu du azken hilabeteotan “nagusitzen ari den euskararen kontrako oldarraldiaren testuinguruan”, sekula baino garrantzitsuagoa dela administrazio publikotik euskararen aldeko pauso “sendo, ausart eta baliagarriak egitea; eta hau da bat.”
Araudia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, hamabost laneguneko epean sartuko da indarrean. Hortik aurrera, Bokale egitura ofizial bihurtuta, euskararen aldeko lanari aitortza eta babes instituzionala emango zaio, eta parte-hartze herritarraren bidez hizkuntza-politikak herritik eta herriarentzat eraikitzen jarraituko du Pasaiako Udalak.