Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/10/22

Bokaleren IV. Topaketan 60tik gora euskaltzale aktibo elkartu dira San Pedron

Kontxita Beitia eta Urko Etxebeste saritu dituzte aurten, euskara zabaldu eta biziberritzeko egin duten lanagatik

Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Bokalek, Pasaiako eragile eta herritarren laugarren topaketa antolatu du, herrian euskararen biziberritzean egiten den lana aitortzeko eta lan horri balioa emateko. Topaketa honen asmoa da Pasaiako eragile euskaltzaleak elkartzea, elkarrengandik ikastea eta elkarrekin indar handiagoz aurrera egitea. 

Aurreko topaketak Antxon, Trintxerpen eta Donibanen izan zirenez, aurtengoa San Pedron ospatu da, Erti udal aretoan. Bertan izan dira hainbat arlotako euskaltzaleak: aisia, kultura eta kirol elkarteetako ordezkariak, euskaltegietako irakasle nahiz ikasleak, ikastetxeetako irakasle eta gurasoak, Pasaiako enpresetako ordezkariak, merkatariak, gazte taldeak, udaleko ordezkariak eta herritar euskaltzaleak. Guztira 60 euskaltzale inguru elkartu dira aurten.

Nerea Zangitu eta Antton Cuadrado ibili dira aurkezle lanetan  eta Euskal Konfederazioak deituta azaroaren 21ean Baionan egingo den manifestaziorako deia egin dute, euskara ofiziala ez den eremuetan oraindik ere egoera larriagoa pairatzen baitu euskarak. 

Azken urte hauetan Bokaleren barruan sortutako elkarguneek egindako lana errepasatu da ondoren. Eta horretarako, bideo bat proiektatu da.

Topaketan hizkuntza eskubideak babesteko beharrean eta eskubide horiek errealitate bihurtzeko herritarren aktibazioaren garrantzian jarri da azpimarra. Gai horiei buruz hitz egiteko Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi den Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta antropologoa izan da bertan. Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten gizarte-erakundeen bilgune nagusia da. Jatorri eta ibilbide anitzeko bazkideek osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. 

Segidan, sari-banaketa egin da, Pasaiako herritarren aktibazioa eskertzeko eta euskarari indarra emateko bidean ibilbide bat egina duten egitasmoei eta herritarrei aitortza egiteko. Eta, aurtengoan, ikastolen mugimenduko aitzindarietako bat omendu da: Kontxita Beitia. Kontxita antxotarra euskararen aktibista konprometitua da. Txikitatik bizi izan du euskaltzaletasuna Kontxitak, besteak beste, 1948ean Frankismo betean bere eta lagun baten jaunartzean bi kantu euskaraz izatea lortu zuten haien familiek La Anunciatako mojen laguntzarekin. Gerora, 1960an Kontxitak ikastola zabaldu zuen Pasai Antxoko bere etxean. Horrez gain, La Anunciatan ere hasi zen euskara eskolak ematen, eta oso gustura aritu zen. 

Bigarren saria euskarazko komunikabideetan gaztetatik aritu den pertsona batentzat izan da, Urko Etxebesterentzat. Antxotarra da eta aspalditik dabil euskara biziberritzeko hainbat egitasmotan. 1998. urtean Branka herri aldizkarian hasi zen lanean eta 2003an Oarsoaldeko Hitza sortu eta gaur egun Oarso Bidasoko Hitzako zuzendaria da. Kazetaritzaz gain, herriko beste hainbat arlotan ere jarduten du Urkok, beti euskara ardatz izanda.

Omenduak oholtzara igo dira eta Mari Luz Etxanizek egindako irudiak jaso dituzte, Andoni Rekondoren bertsoak atzean dituztela. Sariak aurreko urtean jaso zuten Pasaiako gazte taldeetako ordezkariek eman dizkiete. Hitz hunkigarriak bota dituzte bai Kontxitak eta bai Urkok, euskararekin izan duten harremana noiztik eta nola datorren adierazteko.

Topaketaren azken zatian abenduan egin zen Pizkundea izeneko ekitaldiari lotuta “Pizgailua” irakurketa dramatizatua eskaini dute Amaia Irazabal eta Oier Guillanek. 

Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratuak euskararen erabileran eragiten jarraitzera animatu dituzte, talde argazkia atera dute eta mokadutxo batekin amaitu dute.

Bokale IV.Topaketa