Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/18
Bokaleren II. Topaketa: euskaltzaleak biltzea helburu
Urriaren 24an, Trintxerpen
Bokalek, Pasaian euskara sustatzen dabiltzan eragileen elkarguneak, bigarren topaketa irekia egingo du datorren astean. Pasaiako Udalaren eta herriko eragileen arteko elkarlanerako gunean arloz arlo egiten ari diren lanaren berri emango dute protagonistek.
Topaketa urriaren 24an izango da, 18:30etik 20:00etara, Trintxerpeko Alkateordetzan, eta norbanako nahiz eragile euskaltzaleei bideratua dago. Hau da, Pasaiako Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragileei, barrutietako batzordeetan dabiltzan norbanakoei eta Pasaian euskararen alde egiten ari denaren berri izan nahi duen edonori.
Laura Ré Euskara zinegotziak adierazi du “harro egoteko modukoa” dela topagune horretan parte hartzen duten askotariko eragileak egiten ari diren lana. “Geroz eta gehiago gara Pasaian euskararen alde lanean ari garen eragileak, eta bide horretan aurrera egiteko funtsezko topagunea da Bokale”.
Egitaraua
Osteguneko ekitaldian, lehenik, Pasaiako eragileen ordezkariek hartuko dute hitza. Horrez gain, Amets Aranguren eta Aner Euzkitze gazte sortzaileak izango ditugu, eta euren bizipenetatik, gazteak euskarara erakartzeko gakoak emango dizkigute.
Ondoren, saria emango diete euskararen sustapenean nabarmendu diren egitasmo bati eta norbanako bati. Azkenik, Mejillon Tigre kolektiboak emanaldia eskainiko du. Ekitaldia bukatzeko, luntxa izango da.
“Zatozte ospatzera!”, egin die dei zinegotziak pasaitarrei, “ospatzeko modukoa baita Pasaia euskaldunagoa eta euskaltzaleagoa izan dadin egiten ari garen bidea”.
Saiora bertaratu nahi dutenek euskara@pasaia.net helbidera idatzi beharko dute izena emateko.