Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/10/23

50tik gora euskaltzale aktibo elkartu dira Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordearen III. topaketan

Pasaiako gazteek euskara biziberritzeko egiten duten lana aitortu da topaketan

Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Bokalek, Pasaiako eragile eta herritarren hirugarren topaketa antolatu du, herrian euskararen biziberritzean egiten den lana aitortzeko eta lan horri balioa emateko.

Topaketa Donibaneko kulturgunean izan da, urriaren 23an, eta bertan izan dira hainbat arlotako euskaltzaleak: aisia, kultura eta kirol elkarteetako ordezkariak, euskaltegietako irakasle nahiz ikasleak, ikastetxeetako irakasle eta gurasoak, Pasaiako enpresetako ordezkariak, merkatariak, gazte taldeak, udaleko ordezkariak, eta herritar euskaltzaleak. Guztira 50 euskaltzale inguru elkartu dira aurten.

Topaketaren helburua izan da Pasaian euskara gehiago erabil dadin hainbat arlotan egiten den lana ezagutaraztea eta horri balioa ematea. Topaketa Pasaiako eragileek elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin indar handiagoz aurrera egiteko baliatu nahi izan dute antolatzaileek.

Sarrera Teo Alberro Pasaiako alkateak egin du: “Pozgarria da hirugarren urtez jarraian euskaltzaleen topaketa hau egitea, baina batez ere pozgarria da ikustea herriak berak nola hartu duen beregain euskararen biziberritzearen ardura, Bokaleren baitan antolatuta. Udalak badu bere egitekoa, noski, eta konpromiso osoa dugu, baina benetako motorra herria bera da: elkarteak, gazteak, ikastetxeak, merkatariak, sortzaileak… Euskara gure komunitatearen kohesiorako tresna bat ere bada, eta hortik ari gara lanean, elkarlanean eta konfiantzaz”.

Laura Ré Berdintasun zinegotziak honako hau gaineratu du “euskararen aldeko lana ezin da soilik administrazioetatik egin; kalean, aisialdian eta eguneroko harremanetan egin behar da, eta Pasaian horretan ari diren herritar eta eragile guztiak zoriondu nahi ditugu. Gazteen ekarpena bereziki nabarmendu nahi dut aurten gainera, euren moduek eta konpromisoak erakusten digutelako euskararen etorkizuna bizi eta partekatu nahi den zerbait dela. Horregatik, Bokale bezalako guneak ezinbestekoak dira, elkar entzun eta elkarrengandik ikasteko”.

Ondoren, bideo bat jarri da Bokaleren elkarguneetan egiten ari diren lanaren berri emateko.

Jarraian, Taupa euskaltzaleen mugimenduko aktibazio arduraduna den Jon Zapata soziologoak hitzaldia eman du. Jonek azaldu du euskararen erabileraren aldeko herritarren aktibazioa zer den eta zergatik den hain garrantzitsua.

Segidan, sari-banaketa egin da Pasaiako herritarren aktibazioa eskertzeko eta euskarari indarra emateko bidean ibilbide bat egina duten egitasmoei eta herritarrei aitortza egiteko. Eta, aurtengoan,  Pasaian euskararen biziberritzearen erronkari heldu eta gazte identitatea euskarari hertsiki lotuta ere bizi daitekeela erakutsi duten Pasaiako gazteen lana nabarmendu dute. Horien izenean jaso dute aitortza Pasai Antxoko Topagunea eta Papineko Gazteria taldeetako gazteek eta Trintxerpeko Korkoiburuek.

Pasaiako bi artistek egindako artelanak banatu dira sari gisa: Mari Luz Etxanizek egindako margolana, Eider Perezen bertso batekin.

Aleka antzerki taldeak topaketarako prestatutako emanaldia eskaini du ondoren. Ekitaldiari amaiera emateko bertaratuak euskararen erabileran eragiten jarraitzera animatu dituzte, talde argazkia atera dute eta mokadutxo batekin amaitu dute.