Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/10/20
Pasaiako euskaltzaleak Bokaleko III. Topaketan elkartuko dira berriro
Urriaren 23an 18:30ean Donibanen izango da aurtengo topaketa
Bokale da Pasaian euskara sustatzen dabiltzan eragileon elkargunea; alegia, Pasaiako Udalaren eta herriko eragileen arteko elkarlanerako gunea. Eta, aurten, hirugarren Topaketa antolatu dute, arloka egiten ari diren lanaren berri emateko, lan horri balioa emateko eta indarrak batzeko.
Topaketa hilaren 23an izango da, 18:30etik 20:00etara, Pasai Donibaneko kulturgunean, eta norbanako nahiz eragile euskaltzaleei bideratua dago. Hau da, Pasaiako Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragileei, barrutietako euskaltzale batzordeetan dabiltzan norbanakoei eta Pasaian euskararen alde egiten ari denaren berri izan nahi duten norbanakoei edo eragileei.
Ekitaldian, Bokaleren baitan azken urtean aurrera eraman diren egitasmoen errepasoa egiteaz gain, Taupa euskaltzaleen mugimenduko kideak izango dira. Haiek azalduko dute euskararen erabileraren aldeko herritarren aktibazioa zer den eta zergatik den hain garrantzitsua. Halaber, euskararen sustapenean nabarmendu diren pasaitarrei saria emango zaie. Azkenik, Aleka antzerki-taldeak Topaketa honetarako berariaz prestatutako emanaldia eskainiko du, eta mokadutxoarekin amaituko dute ekitaldia.
Beraz, pasaitar euskaltzale guztiak Topaketan parte-hartzera gonbidatu nahi dituzte Bokalek eta Udalak.
Saiora bertaratu nahi dutenek euskara@pasaia.net helbidera idatzi beharko dute.







