Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/05/28
Ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxan parte hartzeko gonbita egin dute Bokaletik
Iruñean ospatuko den ekitaldirako autobusak antolatuko dituzte

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek Pizkunde berri bat eragiteko beharra aldarrikatu dute, euskararen biziberritzeari bultzada emateko. Eta, horretarako, ezinbestekoa da euskaltzaletasunaren giharra indartzea.
Horren harira, abenduaren 27an ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, eta horretara dator, Euskaltzaleon Martxa lelopean, ekainaren 13ko mobilizazioa ere: euskaltzaleok antolatzera, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzera, euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatzera.
Hortaz, deialdiarekin bat egiteko, Bokalek herri agerraldia antolatu du gaur arratsaldean Trintxerpeko Gudari plazan. Bertan herriko eragileak eta herritarrak elkartu dira, manifestu bat irakurri dute, eta pasaitarrak ere ekainaren 13ko ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte.
Autobusak Iruñera joateko
Agerraldian Bokaleko ordezkariek azaldu dute Iruñera joateko autobusak antolatuko dituztela. Pasaiatik zuzenean Iruñera joan nahi izanez gero, www.pasaia.eus webgunean eta Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeko sare sozialetan aurkituko da autobusean izena emateko aukera.
Autobusak geldialdiak izango ditu Pasaiako lau barrutietan.
Pasai Donibaneko Meipiko geralekutik 14:50ean aterako da eta geldialdi hauek egingo ditu:
- Pasai Antxoko Ibaiondon 15:00etan.
- Pasai San Pedroko geralekuan 15:10ean.
- Trintxerpeko postetxe pareko geralekuan 15:15ean.
Adinez nagusiek 10 euro ordaindu beharko dute, eta jubilatuek, langabetuek, haurrek eta gazteek 5 euro.






