Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/10/13

Blue Expedition ekimenarekin bat egin du Pasaiako alkateak

Itsas plastikoen inbasioa geldiarazteko Europako kanpaina Pasaian abiatu da, Aldaketarako Marearen testuinguruan

Pasaiako alkate Teo Alberrok Blue Expedition ekimenarekin bat egin du. Joan den urriaren 4an, larunbata, Konpromiso Urdina sinatu zuen beste hainbat erakunde eta eragilerekin batera, San Pedroko Mater ontziaren alboan gaitutako espazioan. Ekimen horren helburuak dira itsasoko plastikoen inbasioa geldiaraztea eta ingurumenaren aldeko konpromiso kolektiboa sustatzea.

Sinadura horren bidez, Pasaiako Udalak berriz ere berretsi du itsasoaren eta kostaldearen zaintzarekiko duen konpromisoa, eta modu aktiboan bat egin du Europan zehar egingo den Blue Expedition kanpainarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak bultzatutako egitasmo honek itsas plastikoen arazoari buruzko kontzientziazioa indartu nahi du, Pasaiatik abiatuta.

Blue Expedition ekimenarekin bat egitea, gainera, Pasaiako Udalak abian duen Aldaketarako Marea 2025 programaren testuinguruan kokatzen da. Pasaiako Ingurumen departamentuak martxan jarritako egitarau zabal honek ingurumenaren aldeko ekintza eta jarduera ugari biltzen ditu egunotan, eta herritarrak, ikastetxeak zein elkarteak inplikatzea du xede.

Aurten, gainera, inoiz baino eragile gehiagok egin dute bat Aldaketarako Marearekin, eta Pasaia ingurumenarekiko konpromisoaren erreferente bihurtzen ari da, tokiko eta nazioarteko ikuspegitik. Teo Alberro alkatearen hitzetan: “Gure herria badia baten inguruan errotzen da, eta beraz, ezinbestean, itsasoak eta ingurumenak beti izan dute oinarrizko garrantzia bertako bizilagunon bizitzetan. Horregatik, gure konpromisoa ez da sinadura hutsa: gure herriaren etorkizun jasangarri baten aldeko urrats sendo bat da. Aldaketarako Marea bezalako ekimenek erakusten digute pasaitarrok gai garela elkarlanean, gure ohituretan eta ingurunean benetako aldaketa eragiteko, eta badugula, gainera, horretarako konpromiso sendoa”.

Pasaiako Udalaren konpromiso horren erakusle dira, Aldaketarako Marea ekimen berritzaileaz gain, besteak beste, berriki egindako Azkuene Goia eremuko hondakinen gabiketa, edota Donibaneko Erroteta errekastroarena.

Konpromiso Urdina

Blue Expedition 2025