Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/05/03
Pasaiako Blas de Lezo itsas eskolan Lanbide Heziketa euskaraz ikasteko aukera ireki da
Matrikulazio-epea: maiatzaren 6tik 24ra.
Aurten eskainiko diren zazpi zikloetatik lautan euskaraz ikasteko aukera izango dute ikasleek.
Urteetako esperientziak Pasaiako Blas de Lezo Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua erreferentziazko eskola bilakatu du itsas gaietako profesionalak prestatzen. Euskararen normalizazioaren bidean ere urratsak ematen hasiak dira, eta aurten, euren ikasketa-eskaintzan euskaraz ikasteko aukera zabalduko dute. Izan ere, eskainiko diren zazpi zikloetatik lautan euskaraz ikasteko aukera izango dute ikasleek.
Hori horrela, orain arte euskaraz ikasi duten ikasleek euren ibilbidea euskaraz jarraitzeko aukera izango dute Blas de Lezon. Hau da, DBH eta Batxilergoa D ereduan ikasi duten ikasleek Lanbide Heziketa ere euskaraz egiteko aukera izango dute Pasaian.
Lanbide heziketa tresna baliotsua da lan munduan murgiltzeko, eta lanbidea eta lan-jarduerak euskaraz ikasita aukera handiagoak izango dituzte horretarako. Dagokien arlo profesionalean euskaraz trebezia nahiko garatu ahal izango dute, bai ahozkoan baita idatzizkoan ere (euskara zientifikoa eta teknikoa...). Gainera, goi mailako ikasketak euskaraz eginda B2 euskara baliokidetza lortuko dute, eta erdi mailako ikasketak euskaraz eginda B1 baliokidetza.
Pasaiako Udalak bere aldetik, balioan jarri eta indartu egin nahi du Blas de Lezo LHII-k abiatu duen bidea, lan-mundu euskalduna izatea baita euskararen normalizazioan egun dugun erronketako bat eta Lanbide Heziketa euskaraz izatea ezinbestekoa baita horretarako. Ikasleak dira etorkizuneko protagonistak, eta hortaz, Pasaiako Udalak ikasleak animatu nahi ditu euren ikasketak euskaraz egiten jarraitzera.
D ereduan eskainiko diren zikloak
Oinarrizko Lanbide Heziketa
- Itsas eta arrantza jardueretako oinarrizko profesionala.
- Kirol ontziak eta laketontziak mantentzeko lanetako oinarrizko profesionala.
Erdi-mailako Lanbide Heziketa
- Urpeko eragiketetako eta eragiketa hiperbarikoetako teknikaria.
Goi-mailako Lanbide Heziketa
- Ontzi eta itsasontzien makineria zainketa antolatzeko goi-mailako teknikaria.
Matrikulazio-epea: maiatzaren 6tik 24ra.