Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/11/14

Antxoko Biteri plazan jolasgune berria sortuko du Pasaiako Udalak

Lanak azaroaren 14an hasi dira

Udal gobernu taldeak Pasai Antxoko Gure Zumardian eta Ibaiondo frontoiaren inguruan zeuden zabuak eta aisialdiko instalazioak behin-behinean birkokatzea onartu du. Horretarako, Biteri plazan, lehen alkateordetza zegoen lurzoruan, eremu bat gaituko da.

Azaroaren 14an ekin zaie parke berria sortzeko lanei, eta aurreikuspenen arabera, aste bukaerarako erabilgai izango da haur eta familien aisialdirako zonalde berria.   

Topoa lurperatzeko lanen harira, aipaturiko jolasguneetako instalazioak kendu eta biltegiratu ziren. Horiek birkokatzeaz gain, bi edo hiru banku ere ezarriko dira aipaturiko gunean.
 
Udalaren asmoa da, aipaturiko instalazioez gain, Ibaiondoko zabalguneko foot-ponga eta kanasta ere kokaleku berri horretan jartzea. Azken horiek, ordea, obren eremuan daude gaur-gaurkoz, eta Zerbitzuetako langileek egiaztatu beharko dute birkokatzeko moduan ote dauden.

Lanen aurrekontua 13.733,50 eurokoa da orotara (BEZ barne). Kopuru horrek barne hartzen ditu Gure Zumardiko instalazioak desmuntatzeko eta Biterin birkokatzeko lanak. Horrez gain, egokituriko eremuan kautxuzko lurzoru berria ere sortuko da, eta aurrekontu horren barruan sartzen dira lan horiek ere.

Udalak argi utzi nahi du eremu horren sorrera behin-behinekoa izango dela. Birkokatze neurriaren helburua da Pasai Antxoko haur eta familientzako aisialdi- eta hedapen-espazio berri bat sortzea, obren ondorioz sortu den jolaserako espazioen gabezia arintze aldera.

Udala jakitun da Biteri plaza dela, egun, barrutiko ekitaldi eta ospakizun gehienak har ditzakeen eremu bakarra. Hori dela eta, egun obrek okupatzen dituzten eremuak libre geratu arte, bi erabilera horiek bermatzeko apustua egin nahi da (haurren aisia eta herri ospakizunak).

Onartutako erabakiak egungo udal gobernua osatzen duten alderdiek joan den hauteskunde-kanpainan barrutiko hainbat bizilagun, eragile eta elkarterekin hartutako konpromisoari erantzuten dio. Eragile eta elkarte horiek bere garaian salatu zuten, topoa lurperatzeko  obrengatik, ez zegoela aisia- eta hedapen-espaziorik, eta zeudenetako batzuk egoera kaskarrean zeudela.

Pasaiako parkeen egoeraren azterlana

Udal gobernuak Pasaiako parkeen egoerari buruzko txosten bat eskatu zion Zerbitzu Sailari, eta txosten horretan jaso da herriko jolasguneen egoera eta beharrak zeintzuk diren.

Antxokoaren ondoren, San Pedroko parkean egingo da hurrengo jarduketa. Izan ere, hainbat gurasok kezka azaldu dute bertako lurraren egoerarekiko, haurrentzako arriskutsua izan daitekeelakoan. Horri erantzunez, 8.000 euro inguruko inbertsioa egingo du gobernuak parkea altxa eta homologatutako lurzoru berri bat ezartzeko, istripuak ekiditeko.