Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/12/17
Pasaiako Ludoteka eta Gaztelekuak, jardunaldi pedagogiko baten protagonista
Pasaia EHUk eta UBM antolatutako mugaz gaindiko topaketa pedagogiko baten epizentro bihurtu da

Gaur, abenduak 17, Pasaia Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Bordeaux-Montaigne Unibertsitateak (UBM) antolatutako mugaz gaindiko topaketa pedagogiko baten epizentro bihurtu da. Jardunaldi horretan, EHUko Gizarte Hezkuntzako Graduko eta Bordele-Montaigneko Teknologiako Unibertsitate Institutuko ikasleek eta irakasleek Trintxerpe-San Pedroko haur eta gazteentzako udal-ekipamenduak (Ludoteka eta Gaztelekua) bisitatu dituzte.
Bertan izan dira Aintzane Taberna Ezkurra Pasaiako lehen alkateordea eta Gizarte Ekintzako zinegotzia, eta Julen Rodriguez Aboy Haur, Nerabe eta Gazteen zinegotzia. “Erreferentziazko unibertsitateetako ikasleak Pasaiara erakartzeak aintzatesten du haur eta gazteentzako politika publikoen arloan egiten ari garen lana”, mintzatu da Taberna. “Halako bisitak benetan baliagarriak dira esperientziak, ereduak eta egiteko moduak elkartrukatzeko. Jardunaldi honen bidez, udal-baliabideak inklusiorako eta garapen komunitariorako guneak sortzera bideratzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dugu”.
Topaketan zehar, parte-hartzaileek ezagutu aha izan dute 4 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako Ludotekek, eta 13 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gaztelekuek komunitatearen beharrei nola erantzuten dieten. Pasaian egindako lana inspirazio-iturri izan da ikasleentzat eta irakasleentzat, eta bereziki baloratu dute udalak inklusioarekin eta jokoa oinarrizko eskubide gisa bermatzearekin duen konpromisoa ere, oinarrizko eskubide gisa.
Rodriguezek honakoa nabarmendu du: “Egin dizkiguten galderen artean, nabarmentzekoa da zenbateko garrantzia eman dioten haur eta nerabeek aisiarako duten eskubidea bermatzearren Udaletik egiten dugun lanean. Izan ere, ahalegintzen gara zerbitzu hauen unibertsaltasuna bermatzen, egoera zaurgarrietan dauden familiei euren beharretara egokitutako soluzioak emanez. Haur eta gazte guztien oinarrizko eskubideak baitira gure politiken oinarrian daudenak”.
Bisitatik haratago
Trintxerpe-San Pedroko espazioen ibilbidea Bordeaux-Montaigne Unibertsitateak bultzatutako gizarte- eta hezkuntza-proiektu zabalago baten barruan kokatzen da. Proiektu horren ardatz nagusiak iraunkortasuna, jolasa eta tokiko garapena dira. Pasaiara egindako bisitan, ikasleek hausnartu dute jokoak lurralde-garapenarekin duen harremanaz, bai eta arrakala sozialak arintzeko espazio publikoetarako sarbide unibertsala bermatzeak duen garrantziaz ere; Pasaiako udal politiken oinarrian dauden gaiak.
Pasaiako Udalak oso positibotzat jotzen ditu horrelako esperientziak, eta jardunaldi pedagogiko hau urtero errepikatzeko asmoa agertu du, lurraldeen eta hezkuntza-komunitateen arteko trukerako eta ikaskuntzarako gune gisa sendotuz.