Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/11/07
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Pasaiako alkateak Andonaegi auzoko hiri-berroneratze proiektua bisitatu dute
Azaroaren 7an
Denis Itxasok nabarmendu duenez, “Andonaegiko proiektu honek erosotasuna hobetzeaz eta etxeetako energia-kontsumoa murrizteaz gain, bizilagunek ingurune irisgarriagoaz eta seguruagoaz gozatzeko aukera izango dute”
“Obra hauek birsorkuntza integraleko plan baten barruan sartzen dira, eta horrek eragin handia izango du, batez ere, adineko pertsonen eta kalteberenen bizi-kalitatean”, adierazi du Teo Alberro alkateak
Pasaia, 2024ko azaroaren 7a.- Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Pasaiako alkate Teo Alberrok Andonaegi auzoa bisitatu dute gaur goizean. Bertan, gaur egun, 19 ataritan banatutako 190 etxebizitzari mesede egingo dien birgaitze sakona egiten ari dira. Europar Batasunak (NextGenerationEU) finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da proiektua, eta energia-eraginkortasuna eta eraikinen irisgarritasuna hobetzea du helburu, jasangarritasunari eta egoiliarren bizi-kalitateari lagunduz. Ekimen honek 15 milioi eurotik gorako inbertsioa du.
Elkarraldian, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako sailburuorde Juan Carlos Abascalek, Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako zuzendari Mikel Gargallok, Trintxerpeko Etxebizitza eta Hirigintzako zinegotzi eta alkateorde Iraitz Pazosek eta Antxoko Mugikortasuneko zinegotzi eta alkateorde Mikel Garcíak ere parte hartu dute. Itxasok esku-hartze horren garrantzia nabarmendu du, Eusko Jaurlaritzak hiri-birgaitzea sustatzeko duen estrategiaren barruan, eskakizun klimatikoetara egokitzeko eta bizitegi-inguruneen bizigarritasuna hobetzeko. “Andonaegiko proiektu honek erosotasuna hobetu eta etxeetako energia-kontsumoa murrizteaz gain, bizilagunek ingurune irisgarriagoaz eta seguruagoaz gozatzeko aukera izango dute”, adierazi du sailburuak.
Bestalde, Teo Alberro alkateak ziurtatu duenez, “obra hauek berroneratze integraleko plan baten barruan sartzen dira, eta horrek eragin handia izango du, batez ere, adineko pertsonen eta kalteberenen bizi-kalitatean”. Gainera, plan integral horrek hiru oinarri dituela gaineratu du: eraikinen birgaitze integrala (irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna), urbanizazioa eta ekipamendu publikoa. “Hori guztia faseka egingo da, eraikinak zaharberritzen eta Igeldo kalea urbanizatzen hasita. Obra laster lizitatuko da”, gaineratu du Alberrok.
Birgaitze-planak, Opengela ereduaren bidez artikulatuak, jarduera espezifikoak biltzen ditu: fatxaden isolamendu termikoa –Kanpoaldeko Isolamendu Termikoko Sistemarekin (SATE)– eta estalkiena hobetzea; berokuntza-sistemen ordez energia-eraginkortasun handiagoko beste batzuk jartzea; eta igogailuak eta arrapalak ipintzea, mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna errazteko. Hobekuntza horiekin energia-kontsumoa eta CO2 isuriak murriztea espero da.
Andonaegi auzoko eraikuntza-birgaitzean parte hartzen duten 190 etxebizitzetatik 160tan inguratzailearen birgaitze energetikoa eta irisgarritasuna hobetuko dira, eraikinen barruan igogailuak jarriz eta atarietan lanak eginez bide publikotik irisgarritasun unibertsala bermatzeko. Gainerako 30 etxebizitzetan, berriz, irisgarritasun unibertsala baino ez da bermatuko, energia-eraginkortasunaren baldintzak betetzen baitituzte, fatxadetan obrak eginak dituztelako.
Proiektuak 15.114.211,64 euroko aurrekontua du, hainbat iturrik finantzatua: Eusko Jaurlaritzak (8.000.000 euro), NextGenerationEU funtsak (3.982.331,57 euro), Pasaiako Udalak (1.867.715,34 euro) eta bizilagunen diru-ekarpenak (1.264.164,73 euro).
Hiri-berroneratzea
Kaleak berrurbanizatzeko planak oinezkoentzako eta egoteko eremuak eta zuhaiztien berritzea lehenesten ditu, eta hiri-altzariak hobetzea eta azpiegiturak berritzea dakar. Bestalde, hegoaldera begira dauden egonleku berriak sortzeko eta kaleen arteko komunikazio bertikalak hobetzeko balioko du. Azpimarratu behar da gaur egun urbanizazioa bideek eta aparkalekuek osatzen dutela. Horrela, atarietarako sarbidea eraikinen iparraldeko fatxadatik egiten da, zuzenean bizitegi-erabilerako beheko solairura. Maldaren eraginez, hegoaldeko fatxadak erdisotoko solairu bat du, eta bertan merkataritza-lokalak daude.
Hala, eremua berriz urbanizatzearen helburua oinezkoentzako guneei lehentasuna ematea da, haien zirkulazioari eta egonaldiei begira, betiere irisgarritasun-irizpideekin eta genero-ikuspegiarekin. Hori dela eta, hauxe da proposamena, nibel bakarra izatea espaloirako eta galtzadarako, zuhaizti berria auzoa leku berdeago bihurtzeko, eta atari berriak urbanizazioan integratzeko, baita egoteko eremu berriak sortzeko ere, hegoaldera begira eta bistak aurrean dituztela. Ondorioz, azpiegitura eta hiri-altzari guztiak berrituko dira eta kaleen arteko loturak hobetuko dira.
Pasaiako Udalak, aldi berean, plan berezi bat idatzi du Andonaegiko ur-biltegiaren eremurako, eta, alkateak azaldu duenez, aparkalekuen eraikin publiko berri bat dago aurreikusita. “Eraikin hori gainerako faseak baino lehen burutu beharko da, urbanizazioak lehentasuna ematen baitie oinezkoei eta, horretarako, aparkatzeko leku jakin batzuk kendu beharko dira”, adierazi du Alberrok.
Auzotarren ekarpena funtsezkoa da proiektuan
Sailburuak, Pasaiako Udaleko ordezkariekin eta proiektuko teknikariekin batera, balorazio positiboa egin du komunitateak birgaitze-prozesuan izan duen inplikazioaz, eta nabarmendu du horrelako jarduerek “alde guztien lankidetza behar dutela emaitza optimoak lortzeko”.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak azken urteotan areagotu duen etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programaren barruan dago, eraikinak Europar Batasunak 2030erako ezarritako jasangarritasun- eta irisgarritasun-irizpideetara egokitzeko.
Esku-hartze horren bidez, Andonaegi auzoa hiri-berroneratzearen erreferente bihurtzen da energia-eraginkortasunaren eta irisgarritasunaren esparruan, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoaren erakusgarri ere bihurtuta. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko 20 udalerritako 25 auzo degradatutan dihardu lanean, bizilagunen ongizatea eta jasangarritasuna bermatzeko.